Udate
Taupaka, euskal sorkuntza autogestionatua bultzatzeko ekimen berria abian dago
Bilboko DDT banaketa taldearen egoitza aukeratu zuen kultur elkarte berriak bere aurkezpena egiteko, batak zein besteak autogestioaren eta autonomiaren aldeko jarrera berdinari eusten diotelako.
Alvaro HILARIO | BILBO
Abian dugu dagoeneko euskal sorkuntza sustatzeko jaioa den Taupaka kultur elkartea. Musikariek bultzatua bada ere, elkarteak diziplina artistiko orotako sortzaileak batu nahi ditu bertan. Autogestioan oinarrituta, mota guztietako sorkuntza lanak ekoiztea eta zabaltzea du helburu.
Bestalde, kolektiboaren indarra, emakumearen papera eta euskara nabarmendu nahi dituzte Taupaka elkartekoek.
Egitasmo berria
MusikHerria diskoetxea desagertu zenean, elkarteko zenbait kidek beren lanak kaleratzeko beste elkarte bat sortzeko beharra ikusi zuten. Kide horiek dira, hain zuzen, Norte Apache, 121 Krew, Zein da Zein, Siroka, Feos pero majos, Solte eta Hutsa musika taldeak.
Hala ere, musikatik haragoko sortzaileei zabaldu nahi diete kolektibo berri hau: «Azken batean, musikariok bultzatuta egon arren, Taupaka ez da musika elkarte bat, kultur sortzaileen elkarte bat baizik. Ez gara, beraz, musikara mugatuko», adierazi zuen Norte Apache taldeko Ibonek, sortzaileetako batek.
Beren asmoa da, beraz, arlo guztietako sortzaileekin lan egitea: «Datozen hilabeteotan, beste hainbat sortzailerekin jarriko gara harremanetan. Besteak beste, argazkilariak, antzerkiaren munduko jendea, marrazkilariak edota idazleak gurekin izan nahi ditugu. Beraiengana joango gara elkartearen helburuak beraiekin konpartitzeko asmoz. Momentuz, Taupaka eratzea eta zabaltzea dira gure helburuak», esan zuen Maria Riverok, elkarteko kideak.
Uste dute, bestalde, euskal kultura, orokorrean, merkantilizazio prozesu sakon batean dagoela. Ikuspegi merkantilistak eta egungo krisialdiak ondorio bi eragin dituzte euskal kulturan: kulturaren pribatizazioak oztopatzen du, batetik, herritar oro kultur edukietara iristea, eta, bestetik, eduki kultural alternatibo nahiz kritikoei ateak ixten dizkie.
Taupaka elkartea definitzerakoan, haren kideek «Euskal Herriko proiektu euskalduna» dela esan zuten, baita «emakumeak sorkuntzan duen papera» bultzatu nahi duena ere.
Egitasmoa «autogestionatua» dela nabarmendu zuten, eta «irabazi asmorik gabeko elkartea bezala» eratuta dagoela, eta lanak copyleftean edo lizentziarik gabe kaleratuko dituztela.
Helburuak
Taupaka elkarteak dituen helburu nagusiak zerrendatu zituzten Bilboko DDT banaketa taldeak duen egoitzan. Azaldu zutenez, lehentasuna emango diote «sorkuntzak ekoizteari eta zabaltzeari», eta batez ere euskarazko sormen lana eta taldekako lana nabarmendu eta bultzatu nahi dituzte. Halaber, diskurtso kultural bat eratu eta zabaldu nahi dute.
Taupaka elkartekoek argitu nahi izan zuten egitasmoa jendaurrean aurkezteko lekua -DDTk Bilboko Martzana kaian duen egoitza- ez zutela kasualitatez aukeratu: DDTk lanak ekoizteko eta banatzeko betidanik izan duen filosofiarekin bat egiten dute, eta bestalde, DDT taldeak hartu du beraien lanak zabaltzeko ardura.
DDTra ez ezik, beraien produktuak lortu nahi dituenak web orrira ere -agertzear dago- jo ahal izango du: www.taupaka.com. Deskargak, estekak eta informazio eguneratua ere aurkituko ditu bertan. Kultur antolatzaileekin ere lan egin nahi dute. A.H.