Udate
Zarauzko udako musikaldiak Francisco Escudero konpositorea omenduko du
GARA | DONOSTIA
Zarauzko eta Debako udako musikaldiak aurkeztu zituzten atzo Donostiako Koldo Mitxelena eraikinean. Bertan izan ziren bi jaialdietako ordezkariak, hala nola, Zarauzko Kultura zinegotzi Gari Berasaluze, Debako alkate Maider Zubikarai eta Gipuzkoako Kultura zuzendaria, Garazi Lopez de Etxezarreta.
Azaldu zutenez, Zarauzko 24. udako jaialdiak Francisco Escudero musikagile zarauztarra omenduko du bere jaiotzaren mendeurrenean. Bihar bertan Et Incarnatus orkestrak -Donostiako Jazzaldian Anthony & the Johnsons taldearekin aritu zen- Zarauzko koruarekin batera eskainiko du emanaldia. Berasaluzeren hitzetan, hauek «Escuderori egin ahal zaion omenaldirik onena» izango dute euren eskuetan. Izan ere, «Hojas de álbum» edo «Izar ederra» bezalako obrak interpretatuko dituzte.
Abuztuaren 10ean ere entzun ahal izango ditugu musikagilearen doinuak; izan ere, Pablo Sorozabal Haize Boskoteak, taldeari izena ematen dion konposatzaile donostiarraren piezak eskaintzeaz gain, Escuderorenak ere joko ditu.
Zarauzko jaialdia ixtearen ardura Europa laukotearena izango da. Hilaren 26an, Jose Gustavo Zulaika Aita Donostiaren, Juan Crisostomo Arriagaren eta, nola ez, Escuderoren obrak eskainiko dituzte.
Francisco Escudero 1912ko abuztuaren 13an jaio zen Zarautzen, eta Donostian hil zen duela hamar urte. «Trio bucólico» lanarekin estatu espainoleko Arte Ederretako saria irabazi ostean, Bilboko Koralaren zuzendari izan zen hiru urtez. Ondoren Zarautzera itzuli zen eta hainbat sari irabazi zituen «Arantzazu», «Evocación en Itziar» eta «Zigor» obrekin.
Debako udako musikaldia ere aurkeztu zuten atzoko prentsaurrekoan. Jaialdia gaur bertan hasiko da; David Sagastume kontratenorrak Daniel Oyarzabal klabezinak lagunduta Bach-i eskainitako programa aurkeztuko du.
Datorren astean, abuztuaren 9an, Thomas Ospital eta Laurent Dupere musikari euskaldunek Vivaldi, Messia eta beste konposatzaileen obrak joko dituzte. Hilaren 23an, bestalde, Isasi laukoteak Ravel eta Debussyren doinuak eskainiko ditu. Jaialdiaren amaieran, Secretum taldeak antzinako musikaz osatutako errepertorioa aurkeztuko du.
Zarauzko jaialdiko kontzertu guztiak Santa Maria la Real parrokian izango dira, eta Debako musikaldikoak Santa Maria elizan.