PPren Gobernua, Estatuaren gainbeheran gotortuta
Herenegun, Estatu espainoleko Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan, nabarmen geratu ziren Gobernu zentralaren eta autonomia erkidegoen arteko tentsioa eta, batez ere, PPren arrabola. Madrilgo Gobernuak aurrekontuen egonkortasunerako helburuak «proposatu» zituen, defizit eta zor muga berriak ezarrita. Kataluniako ordezkaria agertu ere ez zen egin bilerara, eta Andaluziakoak bertatik alde egin zuen; Asturiaskoak eta Kanarietakoak, berriz, kontrako botoa eman zuten; hala ere, Ogasun ministro Cristobal Montororen mehatxuak argi utzi zuen Madrilen «proposamena» derrigorrez bete beharrekoa dela. Atzo, PPk gobernatzen ez dituen erkidegoak haserre agertu ziren, muga berriek ez baitute ezer konponduko eta, aldiz, eskola eta ospitale ugari kolokan jarriko baitituzte. Horiek horrela, ez dago batere garbi zertarako bildu zen Kontseilu hori; Estatuko Ogasun eta Ekonomia kontseilariek politika ekonomikoa koordinatzeko balio omen duen organoa izanik, kontu garrantzitsuenak eztabaidatu behar direnean, Madrilek bere erabakiak ezartzen baititu. Izan ere, PP Estatu espainolaren gainbeheraren aurrean gotortuta ageri da. Bestalde, eskuineko hedabideekin batera, birzentralizazioaren «beharraren» diskurtsoa elikatzen jarraitzen du, krisiaren testuinguruan kokatuz, haren «behar» hori askoz lehenagokoa bada ere.