GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Festilasaik baretasuna utzi eta bestarako parada eskainiko du

Biarritzeko Mizanbu gaztetxeak eta Skate Park-ek antolatzen duten Festilasairen zortzigarren edizioa datorren larunbatean ospatuko da. Atabala alde batera eta bi elkarte antolatzaileen egoitza bestaldera, skatea, musika eta artea batuko dira La Negresseko aparkaleku handian.

p052_f01_148x88.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Egun bateko minifestibalaren zortzigarren edizioa antolatu dugu beste behin ere. Gazteentzako prezio eskuragarria izatea aintzat hartuta, kalitatezko programa bat ziurtatu nahi izan dugu», adierazi zuen Brice Morinek, Festilasai elkarteko presidenteak. Hamar euroan Scratch Bandits Crewren hip-hoopa, Panda Valium and Poligornen elektroa, Sakyaren dub-rocka eta Beasty BeatBoxek ahoarekin eginiko soinu harrigarriak entzuten ahalko dira.

Musikak Festilasain toki nagusia hartzen badu ere, ez dira ikusle guztiak horretara soilik hurbiltzen; izan ere, skateak eta arte garaikideak ere bestazale bat baino gehiago erakarriko dute. Arratsaldeko seietan «Game Of Skate»-ekin hasiko da festibala. «Joan den urtean arrakasta handia izan genuen eta kalitate handia izan zen parte hartzaileen artean. Aurten ere horixe errepikatuko dela espero dugu», adierazi zuen Festilasai elkarteko idazkari Malvina Hubertek. Lehiaketa girotzen DJ Skillz izanen da.

Bestelako arte adierazpenek ere izanen dute tokirik Lasai Herrixkan. Delwood artistak performance bat eginen du gaztetxeko horma baten gainean. «Zentzuak koloreztatu eta zintzilikatzea» izanen da beste behin bere helburua. Point8 kolektiboko hainbat artistaren erakusketak ikusteko aukera ere izanen da bertan.

Atabal

Eguraldia lagun izatea espero dute antolatzaileek. Izan ere, azkenengo bi edizioetan ez da horrela gertatu. Euriak agerpena eginez gero, musikarien agerraldia Atabal aretoan eginen da.

«Joan den urtean Atabalen egin genuen eta hain arrakasta handia izan zuen, ezen jendeari sarrera errefusatu behar izan genion, eta kanpoan izanik ez da horrelakorik gertatuko», azpimarratu zuen Festilasaiko presidenteak.

«SCRATCH»

Hip-hopa izanen da Festilasai jaialdiko protagonistetako bat, Scratch Bandits Crew taldearen eskutik. Beraiek sortutako musika eginarazten dute gero beraien «scratcha» egiteko, ahotsak ere erabiliz.

SKATEA

Arratsaldeko seietatik aurrera «Game Of Skate» eginen da. Joan den urteko txapeldun Youri Fernandezek aurten ere hartuko du parte lehiaketan. Txapeldunak 200 euroko saria irabaziko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo