Castelloren eserlekua politikoki Aralarrena dela dio Patxi Zabaletak
Aralarretik aldendu ziren hiru parlamentariak ordezkatzeko prozedura polemikoa izango da, eserlekua hartuko duen hirugarrenak, Maribel Castellok, alderdia ere utzi duelako. «Politikoki parlamentari hori Aralarri dagokio», esan zuen Patxi Zabaletak.
GARA | BILBO
Maribel Castello Aralar alderditik kanpo dagoela, eta, ondorioz, Gasteizko Legebiltzarrean parlamentari izateko ez duela eskubiderik nabarmendu zuen atzo alderdi honetako koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean. «Politikoki, eserlekua alderdiarena da, nahiz eta legearen arabera pertsonari dagokion», gaineratu zuen Patxi Zabaletak.
Aralar utzi zuten Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe ordezkatzeko, alderdi honetako Gipuzkoako koordinatzaile Ernesto Merinok eta Mendebaldeko Saharako jatorria duen Khadijetou Boitxiri independenteak beharrezkoak diren tramiteak egiten hasi dira. Biek bat egiten dute Aralarrek ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin indarrak biltzeko estrategiarekin.
Hirugarren eserlekua, ordea, Maribel Castellori dagokio. Aralarren norabide berriarekin kritikoa da, eta, are gehiago, alderdiko kide izateari utzi dio Nahia talde berriko partaide izateko. Castellok ere parlamentari izateko tramiteak hasi ditu.
«Castellok martxoan utzi zuen alderdia eta une hauetan ez dago Aralarren diziplinaren barnean», azaldu zuen Zabaletak. «Eserlekua Aralarren zerrendetan hautatua izan zen, eta politikoki alderdiari dagokio. Legeak, ordea, pertsonari dagokiola dio», gaineratu zuen.
Hauteskundeak deitzen dituztelako Gasteizko Legebiltzarra desegiten ez bada, hilaren amaieran Aralarren talde berria aurkeztuko dutela iragarri zuen Zabaletak.
«Eserleku bat desokupatzen denean, hemen gertatu den bezala, hiru parlamentarik hala nahi izan zutelako hautetsi izateari utzi ziotelako, automatikoki hauteskunde arloko prozedurak martxan jartzen hasten dira, eta zerrendetan hurrengo postuetan zeudenei agiriak ematen dizkiete», azaldu zuen.
Kasu honetan, Ezenarro, Erostarbe eta Basaberen atzetik, Merino, Boitxiri eta Castello zeuden, hurrenez hurren, Aralarrek Gasteizko Parlamenturako aurkeztu zituen zerrendetan.
Alderdia utzi zuen
«Maribel Castellok alderdia utzi zuen, eta talde horretako kide da, duela aste pare bat Aintzane Ezenarro eta beste lagun talde batekin argazkietan azaldu zelako», esan zuen alderdiko buruak.
«Ez dago Aralarren diziplinaren barnean, hala nahi izan zuelako. Eserlekua Aralarren zerrendetan izan zen hautatua. Lengoaia politikoari dagokionean, Aralarri dagokio parlamentari hori. Legearen lengoaiaren arabera, pertsonek dute eserleku hori, nahiz eta alderdiaren zerrendetan eskuratu. Transfugismo edo alderdiz aldatzen direnen aferarekin egiten dugu topo», gehitu zuen Zabaletak.
Hauteskundeetara aurkezten diren zerrendak itxiak direla gogorarazi zuen Zabaletak. «Ez luke horrela izan behar, baina hala da». Ondorioz, bozkatzen denean, alderdiari adierazten zaio sostengua, eta ez hautagaiari. «Kargua, ordea, pertsonarena da, nahiz eta politikoki alderdiarena izan», esan zuen.
Ernesto Merino Aralarreko koordinatzailea da Gipuzkoan eta herrialde honetako zerrendan zegoen Ezenarro eta Erostarberen atzetik.
Boitxiri, berriz, Mendebaldeko Saharan jaiotako emakumea da eta Arabako zerrendako bigarren postuan zegoen, Basaberen atzetik.
Maribel Castello Gipuzkoako zerrendetan Merinoren atzetik zegoen. Bidasoaldeko Aralarren ardurak izan zituen alderdia utzi aurretik. Alardeetan emakumearen parte-hartzea defendatzegatik zen ezaguna Aralarren hasi aurretik.
Ezenarro, Erostarbe eta Basabek aspaldi utzi zioten Aralarreko kideak izateari, baina uztailaren 31ra arte parlamentariak izan dira. Egun horretan sartzen zen indarrean aurkeztu zuten dimisioa.
Hasierako legebiltzarkideetatik Dani Maeztuk baino ez du jarraituko, alderdiak hartu duen norabidearekin bat egin duen bakarrak, eta egun, Aralarreko nazio mailako koordinatzaile nagusiordea da.
Ezenarro, Erostarbe eta Basaberen dimisioaren ostean, ordezkoetatik bi baino ez dira Aralarreko kideak, Ernesto Merino eta Khadijetou Boitxiri. Maribel Castellok alderdia utzi du.
Aralarren ildotik aldendu diren hiru kideren dimisioa uztailaren 31n sartu zen indarrean. Orduan, horien ordezkoak topatzeko prozedurari hasiera eman zioten.