Manila urpetu dute Filipinetako iparraldea kolpatu duten uholdeek
Astelehenetik Filipinetan jasaten ari diren uholdeek gutxienez hogei hildako utzi dituzte urpetuta dauden hamalau probintzietan. Euriteek gogor jarraitu zuten atzo, gauean aurreratutako guztia zapuztuz. Gaixotasunak agertzea da orain Gobernuaren beldurrik handiena.
GARA | MANILA
Filipinetako iparraldean bizi dituzten uholdeen ondorioz larrialdi taldeak indartu behar izan dituzte, laguntza behar duten milioi bat pertsona baino gehiagoren eskaria ase ahal izateko. Gutxienez 20 lagun hil dira, publiko egindako azken datu ofizialen arabera.
Atzo gauean urak atzera egin zuen hiriburuko hainbat gunetan, baina eguna hasi orduko, berriro ere euria gogor hasi eta atzera eremua bereganatu zuen.
Gobernuaren esanetan, 12 milioi biztanle dituen hiriburuaren %60 urpetuta dago. Kaleak ubide bilakatu dira eta ehunka bizilagunek euren etxebizitzetako teilatuetan itxaron behar izan dute laguntza iritsi artean.
Bart goizean hainbat ikastetxe eta bulego zabaldu zituela jakinarazi zuen Gobernuak, baina ordu batzuk geroago horiek ixteko agindu behar izan zuen, euriteak indartu zirela-eta.
Astea hasi zenetik etenik gabe herrialdea astintzen ari diren euriteek, hiriburua ez ezik, Luzon iparraldeko hamalau probintzia ere kaltetu dituzte. Horietan, hainbat herri uraren azpitik bi metro hondoratuta daude.
Laguna, Pampanga, Bataan eta Zambales probintziak hondamendi egoera ezarri dute, Hondamendien Prebentziorako Zentro Nazionalak jakinarazitakoaren arabera.
Erakunde honek argitaratutako azken txostenak euriteek 1.230.000 pertsonari eragin dietela eta 850.000 pertsonek laguntza jaso behar izan zutela agertzen zuen.
Gobernuak eskola, gimnasio eta bestelako eraikin publikoetan antolatutako ebakuazio zentroetan 240.000 pertsona baino gehiagok hartu dute babesa.
«Ez dakit nola egongo den gure etxea. Ura bururaino genuela ekarri gintuzten hona», zihoen Navotaseko ebakuazio zentro batean dagoen emakume batek, hilabete gutxiko bere biloba besoetan zuela.
Hildako gehienak Quezonen izan dira, Manila kanpoaldean.
Nazioarteko agentzietako adituen iritziz, deforestazioak, txabolismoak eta estolderietako zaborraren metaketak euriteen ondorioz izan diren heriotza kopuruan eragina izan dute.
Osasun Ministerioak alerta egoera gorena ezarri du eta ospitale publikoetako sendagileei, kontrakorik adierazi artean, guardian egoteko agindua eman die, sor daitezkeen izurriteei aurre egiteko prest egon daitezen.