Udate | gasteizko jaiak
Irudimena nagusi, babarrun pikartekin egindako plateretan
Bereziak kuadrillaren XIX. Gastronomia Leihaketak arrakasta erdietsi zuen beste behin, eguzkiak ondo berotutako Gasteizko jaietako laugarren egunean. Belakiak kuadrilla izan zen nagusi. Txapelketaz gain, ohiko beteranoen dantzaldia ere izan zen, Nekazariek antolaturik.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Gasteizko jaietako Gastronomia Txapelketaren XIX. edizioa ospatu zen atzo Plaza Berrian. Bereziak kuadrillak antolatuta, beste behin Arabako babarrun pikarta oinarrizko osagai duten platerak egin behar izan zituzten parte hartzaileek. Bestalde, Arabako Errioxako ardo kiniela ere egin zen.
10:30etik 13:30era izan zuten parte hartzaileek euren platera prestatzeko tartea, batzuen aburuz, sobera. Txirritako Iker Uriarte eta bere lagunaren kasua izan zen. Prestaketari ekin baino lehen hainbat txuleta egiten ari ziren: «Dagoeneko adituak gara kontu honetan, baina azkenean denbora sobratzen denez, hoberena hamaiketakoa hartzea da, ardo maila egokia, eta orduan bai, horretara jarri».
Egiazki, lo egindako ordu eta edandako alkohol mailarekin jolastu behar izan zuten blusek eta neskek; izan ere, Jatorrak-eko Alvaro Tobalinak esan bezala, «ziur nago hemengo inork ez dituela zortzi ordu ere lo egin».
Bere kasuan, behintzat, horrela izan zen. Hasiera ordua baino pare bat ordu beranduago agertu zen, begirada galduta, bere mahaia topatu nahian. «Baina lasai, hemen dena eginda dago, begira: poteko babarrunak», erantzun zuen lehiaketan erabiltzen den Eusko Labela duen poteko indabak seinalatuz.
Plateretan izen arranditsuak nagusitzen dira lehiaketan. Hainbatek airea hartzen dute plateraren izena esan aurretik. «Babarrun eta pikillo krema daraman odolki bonboi kurruskatsua egingo dugu», esan zuen buruz Tobalinak.
Haatik, ez zen bakarra izan. Besteak beste, Zoroak kuadrillako Asier Otxoaren babarrunezko hostopila eta Arabar Errioxako ardoaren esentziaz egindako txorizoa ere adibide onak dira. «Internetetik hartu dugu errezeta eta gure ukitua eman diogu», aitortu zuen Otxoak.
Batasunako Juantxo Bolinaga eta Jose Manuel Apodakaren laranja saltsa eta urdaiazpikoa zeramatzan odolkiaz gain, babarrunak zituen porruzko kaneloiak ere ez ziren gutxiago izan. «Popik -Apodakak- asmatu du. Artista hutsa da», bota zion lausengua bere kide Bolinagak. «Egia esan, izenak jantzi egiten du platera eta beste kategoria bat ematen dio».
Halako izen korapilatsurik ez zuten plater landuak ere baziren. Bereziak-eko Alain Gil-en platera, kasu: hiru koilaratxotan aurkeztutako babarrun patea urdaiazpiko, gazta, foie eta babekin. «Koilaretan aurkeztu dugu garrantzitsua delako zaporeen fusioa», azaldu zuen blusak.
Parte hartu zuten hamabi kuadrilletatik, azkenean, Belakiak eraman zuen lehen saria bere «babarrun capuccinoa cookie»-kin: «Babarrunekin capuccino gisakoa egitea otu zaigu eta goitik esne-gaina simulatzeko krema bat. Ondoren odolki eta txorizo iberikoarekin gaileta zatitxoak (cookieak) diruditen zatitxoak gehitu dizkiogu», azaldu zuen Diego Gaitek.
Beteranoen «astindutxoa»
Bestalde, atzo ere, «El meneito del veterano» deritzon adinduei zuzendutako dantzaldia izan zen 12:30ean. Eguzkiak gogor jo zuen atzo Gasteizen eta parte hartzaileetako bat baino gehiago kezkatuta zebilen; besteren artean, hiru urtez jarraian dantzaldian izandako Guadalupe eta Gregorio. «Ai ama, nekagarria izango da», zioen Guadalupek bere gizonak txanoa eraman behar zutela esaten zion bitartean. Maria eta Joakinak osatutako bikotea ere han zebilen: «Izatezko bikote egin ginen atzo parte hartzeko», esan zuen txantxetan lehenak.
Ordubete inguruko dantzaldian ur botilak eskuragarri izan ziren. «Azukrea ere badugu, diabetesagatik, ez dugu zorabiorik nahi», esan zuen barrez ekitaldiaren antolatzaileetako eta Nekazariak kuadrillako Iñaki Arroyok. Hori guztia eta gehiago, eguzkia jaun eta jabe izan zen jaietako laugarren egunean.