GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Lehen emakume gidaria izan zuen eta «Titanic»-era igo ez zen autoa, Astigarragan

Titanic» transatlantikoan AEBetatik Europara etortzeko izena emanda zegoen 103 urteko autoa, emakume batek lehenengo aldiz gidatu zuena, Astigarragan eraberritu dute.

p050_f01_199x120.jpg

Ane ARRUTI

Biraderari eraginez, lehenengo saiakeran abiarazi zuten atzo 103 urteko auto eraberritua. Astigarragako Mina karrozerian ia bi urteko lana behar izan dute historiako orrialdeetan lekutxo bat betetzen duen autoa berpizteko. Izan ere, 1909an Brush anaiek aurkeztutako ibilgailu hauxe izan zen emakume batek AEBetan gidatutako lehena, Alicia Huyler Ramseyek, hain zuzen. Brush anaiek aurrez nazioarteko ospea zuten Cadillac etxearentzat egindako lanagatik eta 1907an sortu zuten Brush Runobout Company.

Atzo Astigarragan aurkeztutako autoa berrikuntza itzela izan zen garai hartan, batez ere, lehenak izan zirelako amortiguadoreetan balezten ordez malgukiak erabiltzen. Gainera, 369 kilo baino ez ditu pisatzen eta bere gurpiletako hagunak eta karrozeria ere egurrezkoak dira. 630 dolarreko prezioa zuen 1909an -amerikar langile batek 27 dolar irabazten zituen hilean batez beste-. Egun, 300.000 euroko balioa jarri diote.

New Yorken aurkeztu ondoren, Europan erakusteko asmoa zuten sortzaileek eta 1912an “Titanic”-en egin behar zuen bidaia Londreseraino. Jakina denez, itsasontzi «hondoraezin» hura ez zen sekula portura iritsi eta Titanic-en antzerako “Olimpic” ontzian egin zuen azkenean bidaia.

Portuko zerrenda hartatik tiraka izan zuen Titanic Fundazioak auto honen berri eta, denbora luzean bila aritu ondoren, bildumazale frantziar baten etxean aurkitu zuten, «egoera benetan negargarrian», aitortu zuen Jesus Ferreirok, «desanimatu egin nintzen orduan, baina harribitxia berreskuratu egin dute».

Autoak eraberritzen eskarmentua dutelako jo zuen Titanic Fundazioak Astigarragako tailer honetara. Jose Menak 1972an ekin zion autoak eraberritzeari, Renault 4/4 bat izan zen biziberritu zuen lehena. Orain bost langile ditu karrozeriak, Axier Menak, Joseren ilobak azaldu zuenez. «Oso berezia izan da», aitortu zuen. «Erloju baten antzera desmuntatu dugu guztia, piezaz pieza. Oso txikiak dira eta gainera ezin genituen gaur egungo erremintak erabili, ez lisatzailerik ez ezer. Dena eskuz egin dugu», azaldu zuen ilobak. Ez dute pieza berririk egin behar izan, guztiak mantentzen baitzituen.

Abiarazi bai, baina ez du paseo askorik egiterik izango «Titanic-eko autoak», 36 km/h-ko harrapatzeraino iritsi bada ere. Erakusketan jarriko dute, Bartzelonan ziur asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo