Udate
Egurre Erreten kuadrillaren pregoiarekin ekingo diete gaur Portu Zaharreko jaiei
Jonebati ZABALA | BILBO
Gaur hasiko dira Algortako Portu Zaharreko jaiak eta igandera arte iraungo dute. Bertara hurreratzen direnek egitarau zabal batez gozatzeko aukera izango dute. Eguerdiko hamabietan emango diete hasiera jaiek, txupinazoaren jaurtiketarekin eta haur kuadrillek jaitsiera egingo dute Kasinotik, Gazte Leku fanfarrearen laguntzaz. Arratsaldean, 18.00etan nagusien txanda izango da.
Portuko plazan sardina jana egongo da indarrak berreskuratzeko, eta ondoren Egurre Erreten kuadrillako gazteek pregoia irakurriko dute. Urtero legez, Txo arrantzalea, Portu Zaharreko jaietako pertsonaia, zintzilikatuko dute.
Gauean aukera ezberdinak egongo dira: haurrek zinema izango dute Pedro Bilbao Doktorearen plazan (jaietako egun guztietan egongo da); portuan, berriz, kontzertuak egongo dira Ready Aim Fire eta Garrasika Algortako taldeen eskutik, eta ondoren erromeria Tirikitraukirekin. Gainera, zezensuzkoa ere ibiliko da 22.30ean, agertokiaren atzealdean.
Bihar goizean, ikusmin handia sortzen duten jarduera bi egongo dira, 10.30etik aurrera: nasapuntakoa eta jauzi txapelketa. Arratsaldean sokamuturra egongo da hondartzan, eta 18.30ean bertsolariek portuko plazako giroa alaituko dute. 21.30ean kontzertuak, Enkarterriko Hil Aiari, Abadiñoko Kruders taldea, Uribe eta Enkarterriko Siroka eta Iruñeko Lehiotikan taldeekin.
I. Estropada Txapelketa
Aurten, itsasaldia dela-eta, larunbatean ez da antzararik egongo; horren ordez Kuadrillen arteko I. Estropada Txapelketa antolatu dute. Gainera, umeen eguna izanik, jardueraz beterik dator: globoflexia tailerra, herri kirolak eta apar-festa, besteak beste. 19.30ean sardina-jana, tripa betetzeko.
Igandean pijama edo kamisoia soinean dutela ateratzen dira algortarrak kalera. Urtero legez, marmitako txapelketa antolatu dute eta 21.00etan Trikizio taldearen kontzertua egongo da. Goizaldeko seietan, Txoren erretzeak eta azken trakak jaiei amaiera emango diete.