GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Dane Reynolds izan da «famatuen egongelan» sartu den azken surflaria

p034_f03_148x144.jpg

Haritz LARRAÑAGA | HUNTINGTON BEACH

Venturako surflari hau oso ezaguna da, aireko berritzaileak asmatu dituen surflaria baita eta aditu askok, gainera, eskola berri bat sortu zuela dio. Txapelketaz kanpo, surf librean aritzen den surflari onenetakoa ere bada, dudarik gabe.

Orain hamabost urte hasi ziren Huntington Beachen surflari famatuenak aukeratzen. Ordutik, urtero surflari bat hautatu eta baldosa bat eskaintzen diote, zine izarren moduan, bere izena bertan zizelka dezan.

Laird Hamilton, Andy Irons, Jack O'Neill, Robert August, Bob Hurley, Sean Collins, Kelly Slater, Lisa Andersen, Pat O'Connell, Al Merrick, Shaun Tomson eta gaur bertan Zarauzko hondartzan izango den Rob Machado surflari mitikoa dira orain arte euren izena lurrean iltzatu duten surflari famatuak.

Reynolds mutiko isila da, baina bere poza agertzeko hitz batzuk esan zituen: «Ohore bat da nire izena hor ikustea, batez ere ondoan zein izen ditudan ikusita. Zinez gustura nago, benetan ondratua sentitzen naiz».