GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Hautsak harrotu ditu Portugaleko «surf camp» bat ixteko erabakiak

p034_f02_97x80.jpg

Haritz LARRAÑAGA| PORTUGAL

Portugalen, Ericeirako kostaldean, itzelezkoak dira surf egiteko lekuak. Horietako bat Ribeira d'Ilhas hondartza ezaguna da, bertan eskuin olatu luze bat baitago eta txapelketa garrantzitsu asko egin izan baitira.

Horretaz gain, munduko surf camp ezagunenetako bat ere bertan dago, eskuin olatuaren aurrean eta leku pribilegiatu batean, zehazkiago. Hondartzan bertan surflarientzako gune bat dago. Surfean ikasi edo hobekuntzak egin nahi dituenari zuzendutako hotel moduko bat. Jan, lo eta surf egiteko eraikitako egurrezko gune atsegina da.

Eskualdeko agintariek ingurunea egokitu nahi dutela-eta eraikuntza lanak hasteko plan bat aurkeztu dute. Ondorioz, orain arte martxan egon den surf camp famatuak ateak itxi beharko ditu. Hori dela-eta, bertako surflariek protesta ekimenak antolatu dituzte desadostasuna agertzeko.

Besteak beste, «ez ekarri zuen zaborra, utzi gure hondartza bakean», «suntsitu, suntsitu, suntsitu», eta antzerako goiburuak zituzten kartelak eskuan zituztela egin zuten protesta eskualdeko surflariek.

Ekimen deigarririk ere izan da. Pearl Jam musika taldeak ere bat egin du surflariekin eta Portugalgo hegoaldean eskaini berri duen kontzertu batean Mafrako Udalak egin nahi duen proiektuaren aurka agertu ziren.

Talde honetako abeslariak surf zaletasuna duela gauza jakina da; izan ere, Eddie Vedder kantaria eta Kelly Slater surflari profesionala lagunak dira eta elkarrekin bidaiak egin izan dituzte.

Slaterrek gitarra jotzea maite du, eta Vederrek, berriz, surf egitea, eta arlo horietan duten jakintza trukatzen dute.

Vedderrek, «Keep on Surfing in a Free World», Neil Young musikari kanadarraren abestia aukeratu zuen surf camparen alde eta Udalaren proiektuaren kontra egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo