GARA > Idatzia > Kultura

TESTIGANTZA: SANTI ELIZAGOIEN

Pailazoz jantzita, guardia zibilak nahasten

 

p045_f04.jpg

Santi Elizagoien etxalartarra, Tonpalenea aterpetxeko nagusia, 17 urterekin hasi zen gau lanean. «Ez nekien sobera zer zen; bertzeak joaten zirela bai. Zaila zen hasieran, karga handia eraman behar zelako, 25 kiloko paketeak eta 35-40koak ere baziren», hasi zaigu kontatzen baserriko lanak bukatu eta zerbeza fresko bat hartu bitartean.
Errodamendua, puntilla, kobrea, alanbrea, azken aldera tabakoa, animaliak –txekor anitz, eta hauek primeran egiten zuten igeri behin ere ikasi gabe–, erabilitako traktoreak eta baserriko tresneria… Denetarik pasatzen zen Bidasoa ibaiaren alde batetik bertzera, gerra ondotik gauza ugari falta baitzen Hegoaldean. Ilunpetan ibiltzen ziren, ilargia lagun, eta batzuetan tximistak –hauek, ordea, bat-batean sekulako argia egin bai, baina gero ilun-ilun uzten zituen–. «Dena ukituz egiten genuen. Ze lanak! Polita izaten zen, gustatzen zitzaidan. Ez bazidaten deitzen, pena hartzen nuen eta nire buruari galdetzen nion ea zerbait gaizki egin al nuen. Bizio bat bezalakoa zen».
 
Aduanan muga-zergak garesti ziren eta menditik erdi prezioan pasatzen zituzten gaiak. Orduan fabrikarik ez zen eta hala ateratzen zuten dirua; fabrikak ailegatu zirenean, bi lanak egiten zituzten batzuek. 17-18 urterekin igeltsero hasi zen Elizagoien.
 
«Egun batean, Lizaietako bentara joan ginen bizpahiru neskarekin, pailazoz jantzita, besta egitera bezala. Bestela guardiek ez zuten gurekin solas egiten, neskekin baginen bai. Hiruretan hasi eta zazpietan oraindik tragoak hartzen ginen!». Maleta bat ibiltzen zuen arropa zaharrekin, mozorrotzeko, eta Beratik Sunbillara bidean hiru-lau aldiz geldituko zuten eta aldiro arropak atera eta sartu.
 
Hamar laguneko taldea bazen, lehendabizi bat joaten zen, ehun metro gibelerago bertze bat, eta gibelerago bikoteka, beti ehun metroko distantzia utziz tartean. Hala, ez ziren denak batera erortzen. Guardia zibilek bazekiten, ordea, nola funtzionatzen zuten eta batzuetan pasatzen uzten zieten aurrenekoei, gero lagun gehiago harrapatzeko. Iruñetik brigadillak etortzen ziren, hemengo poliziak ezagunak baitziren, eta han gelditzen ziren mendian, kaleko jantzita. Aitzinetik eta gibeletik hartzen zituzten, inguratuta. Iratze meten barrenean gordetzen ziren guardiak; Elizagoien eta bere lagunak makilekin joka ibiltzen ziren, norbait bazen egiaztatzeko, eta baten bati suertatu zitzaion kasko berderen bat agertzea. Anekdotak liburu bat idazteko adina ditu etxalartarrak, eta gustura sumatzen zaio kontu kontari. Gaztetan ere, mendian goiti eta beheiti sei-zortzi ordu ibili ondotik, besta izaten zuten elkarri istorioak eta balentriak kontatzen. Elkarrekin komunikatzeko kontrazeinuak zituzten: egunez, zapiekin egiten zuten, leihoetan edo hormetan zintzilikatuta, eta gauez joarearekin. «Klan, klan, klan» adituz gero, bazekiten norbait laguntza beharrean zela edo zerbait gertatzen ari zela, eta hurbildu edo adi-adi egoten ziren. Guardien kontrazeinuak, aldiz, tiroak ziren.
 
Ibilaldia luzea izaten zen eta tartean atsegin hartzeko gelditzen ziren, zahatoa, gazta eta txokolatea izaten zituzten eta Elizagoienek oroitzen duenez, azkenerako eurekin ibiltzen zen astoak ere ederki edaten zuen zahatotik.
 
Muga-zergak jaitsi zituztenean gauzak pasatzea gehiago kostatzen zen menditik mugatik baino. «Ez zen dirurik langileak ordaintzeko eta bukatu egin zen». Penaz bezala erran du hori eta zera gaineratu du: «Oraingo gazteak ere ederki moldatuko ziren lan horretan, dauden bota eta arropa onekin gainera...».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo