GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Baionako Aviron taldeak Mont de Marsaneko Stade Montois mendean hartuz ekin dio denboraldiari

J.L.

Baionako Aviron taldeak Liga ezin hobeto hasi du, lehen jardunaldian etxean 3-2 irabazi baitzion Stade Montois taldeari. Lapurtarrak CFA Mailan estreinatu ziren, joan den urtean N1 maila galdu ostean.

Aviron taldea eraberritua ikusi zen, joan den urteko lau jokalarik bakarrik jarraitzen baitute. Zuri-urdinek lehen zati ikaragarria egin zuten, eta 1-0 aurretik jarri ziren markagailuan, gero 3-0 jartzeko, baina amaieran larri ibili ziren garaipenari eusteko.

Baionakoak 35. minutuan aurreratu ziren. Korner baten ostean Degoulek buruz errematatu zuen, eta atezainaren geldialdiaren ostean, urruntzea Canterok harrapatu zuen, eta ez zuen barkatu, lapurtarrak markagailuan aurretik jarriz.

Bigarren gola ere Canterok lortu zuen 75. minutuan. Lapurtarrak oso ongi ari ziren, eta joan den urtean Mont de Marsaneko taldean ari zenak bere iazko taldeari bigarren gola egin zion. Bazirudien gauzak erabat erabakitzen ari zirela, eta are gehiago bi minutu geroago Lalanek hirugarren gola lortu zuenean. Sekulakoa izan zen baionarrak lortu zuen gola. Honekin dena erabakita geratu zitekeen, baina gauzak okertzen hasi ziren, eta sufritzea egokitu zen.

Azkeneko bost minutuetan, gauzak erabat okertu ziren. Avironek dena erabakita zuela uste zuen, eta erritmoa jaitsi zuen. Landetako taldeak emaitza murriztu egin zuen 85. minutuan, eta azkenekoan, berriz, bigarren gola egin zuen. Luzapeneko minutuetan urduritasuna agertu zen etxekoen artean, baina Ximun Duhour agertu zen, Kanboko atezain bikaina, eta berak egindako geldialdi pare bati esker, puntuak etxean geratu zien. Atezainarekin batera, Mbaka jokalari kamerundarra nabarmendu zen. Afrikarra aste honetan iritsi da Lapurdiko hiriburura, eta oso norgehiagoka ona egin zuen. Oraindik gehiago ere iritsiko dira, ziur asko ere. Honako hau izan zen Avironen hamaikakoa: Ximun, Herisson, Degoul, Gradit, Camiade, Graciet (Claverie, 90. min), Lalane, Elisalde (Kone, 80. min), Serra, Canteiro eta Mbaka (Carneiro, 64. min).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo