GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Andramaixetako azken txanpan ere, Arrantzale Egunean, jo eta ke

Lau jai egun daude aurretik, eta parranda egiteko aukera ugari dago Ondarroan, baina seguruenik Arrantzale Eguneko azken txanpa potentearen zain egongo dira batzuk dena emateko. Osagaiak prest daude: bertsolariak, «Atako Bandan» dantza, nasapuntakoa eta antzarak, besteak beste. Duela 54 urte sortua, betidanik ospatu izan balute bezala hartzen dute urtero Arrantzale Eguna. Mahoiz jantzita eta zapia lepoan, jaiei agur esaten badakite Ondarroan.

p046_f03.jpg

Nerea GOTI | ONDARROA

Egitarauaren azken egunak jai gutxitan du Ondarroan duen xarma, Arrantzale Egunarekin ixten baitituzte andramaixak, eta oso tradizio zaharreko hitzordua izan barik, ezinbestekoa bilakatu den jai baten atarian daude ondarroarrak. Gaurtik hasita hiru egun baino ez dira falta mahoizko prakak edo gona jantzita kaleak hartzeko, eta dagoeneko 54 urte beteko dituzte eguna ospatzen.

Herritar talde baten asmakizuna izan zen Arrantzale Eguna. Gotzon Iparragirre Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) elkarteko kideak azaltzen duenez, 1958an ospatu zen jaia lehenengo aldiz, eta Juanito Balentziaga izan zen «pertsonaia klabea» ideia gorpuzteko orduan, beste askoren laguntzarekin.

50eko hamarkada hartan gazteak herria girotzeko zenbait ekitaldi antolatzen hasi ziren, mozorroak, kalejirak... garaiko zentsura kontuak saihestuta. Giro horretan sortu zen arrantzaleei eskainitako egun bat antolatzeko ideia, eta horrela jaio zen andramaixetako lehenengo jai laikoa, Iparragirrek nabarmentzen duenez.

Data aukeratzen ere asmatu zuten. Azaltzen duenez, jaiak 16an amaitzen ziren, eta hurrengo egunean arrantzaleak itsasora itzuli behar ziren eta emakumeak, neskatilen lanak egiten, kontserba lantegietan... garai hartan nagusia zen jarduera horrekin lotu zuten, eta jaiaren karakterizazioa arrakastatsua izan zen, herriaren idiosinkrasiarekin bat egiten asmatu zutelako.

Horrekin batera, urdinez jantzita joateko deialdiak oso harrera ona izan zuen herritarren artean, eta Ondarroak berehala egin zuen berea herritarrek sortuta eta herriarentzako sortua zen jai bat.

Horrekin batera beste faktore bat jartzen du mahai gainean Iparragirrek. Garai hartan, irailaren 8an ospatzen zen Andra Mari Txikiaren jaia desagertu zen, arrantzaleak atunetan buru-belarri ibili ohi zirelako, eta Arrantzale Eguna ospatzen hastean, galera hori ere neurri batean bete zuen jai berriak.

1912ko galarrenaren kontura

143 arrantzale hil ziren 1912ko galarrenaren mendeurrena bete berri dela eta, memoria bizirik gorde nahi dute gertaera hura hurbiletik ezagutu eta herrikideen galera pairatu zuten herrietan. Enbata hartan ondarroar bi hil ziren, baina biak Lekeitioko txalupetan ari ziren arrantzan. Iparragirrek gogorarazten duenez, urte haietan Santa Klara abuztuaren 12an ospatzen zen, beranduago Elizak 11ra pasatu bazuen ere. Ondarroan jai handia zen hura eta horregatik, hain zuzen ere, bertako arrantzaleak ez ziren itsasoratu. Horrek gerora sinesmen ugari sorraraziko zuen herrian, batzuek Santa Klarari egotzi baitzioten ondarroarren zori onaren meritu osoa. Egun, jaia mantentzen da.

Gaur egun Arrantzale Egunak hitzordu nagusi batzuk batu ditu, eta horrela, tradizioa bihurtuta, huts egin ezin duten zenbait ekitaldi gordetzen ditu: nasapuntakoa, antzarak, «Atako Bandan» dantza saioa eta bertso saioa, besteak beste.

Iturriaga eta Elortza, eskuz esku

Aurten Igor Elortza eta Unai Iturriaga arituko dira, eguerdian, Alamedan eta Alde Zaharrean. Herriko txistulariek eta Artelanen erraldoiak eta hankapaluek kaleak girotuko dituzte, eta bazkaldu aurretik egingo dute «Atako Bandan», Arrantzale Egunean eguerdian izaten den dantza bitxia. Izan ere, sorrera bitxia ere izan zuen dantza honek 70eko hamarkadan. Galarrenean semea itotzen ikusten duen arrantzalearen saminaz Txomin Agirrek idatzitako pasartean oinarrituta, eta geroago aita itsasoak zelan irensten zuen ikusi zuen semearen istorioa hartuta, Xabier Lete handiaren ekarpena izan zuen dantza honek.

Kresala elkartekoek diotenez, antzerkiak eta koruen emanaldiak uztartzen ziren garai batean sortua, «Atako Bandan» (arrantzaleak itsasoratzen doazela adierazten duen esapidea) «ez da ohiko dantza bat». Arrantzaren «sufrimendua eta gordintasuna» adierazten du 18 dantzarik egiten duten honek, eta azaltzen dutenez, horren adibidea da 14 minutu inguru irauten duen dantzaren une batean eskua altxatzen dela, itotzearen keinua islatzen.

«Atako Bandan» dantzaren inguruan ikuskizun berri bat prestatzen ari dira herrian, datorren urtera begira. Kresalakoek diotenez, Musika Eskola buru-belarri dabil ikuskizuna gorpuzten, eta Kresalaren beraren eta herriko koruen parte hartzea izango du. Gauza handirik aurreratu ezin badute ere, lana «musikalki konplikatua» dela esan dute.

Arratsaldeko lehenengo ordurako utzi dituzte eguneko ohiko hitzorduak. Hasteko, «aireko dantzak» izango dira Zubi Zaharrean, eta 17.30ean nasapuntakoan neurtuko dira trebeenak.

Zale ugari du Ondarroan masta irristagarriak, eta komeni da jakitea berezitasunak ere badituela. Zaharrak 7 metro inguruko luzeera zuen eta orain bost urte berria ipini zutenetik proba nabarmen zaildu da parte hartzaileentzat, 13 metro baititu honek. Euskal Herriko luzeena izan daiteke, eta masta malda goran dauka gainera, eta hala ere iaz hogei lagun inguru ausartu ziren.

45 minutu beranduago hasiko dira antzarak. Antzara birziklatuekin neurtu behar dira ondarroarrak, azken urteetan hobetzen joan diren prototipo baten lepotik eskegita.

Indarra erakutsi behar dutenak parte-hartzaileak direnez, aurten jakin-mina da nagusi, proban berriro senegaldarrak nagusituko diren, iaz eman zuten erakustaldiaren ondoren. Kukañan hain ondo ibili ez baziren ere, antzaretan sari nagusietako bi izan zituzten.

Jokoak amaituta, iluntzean, musika nagusi. Alde zaharrean euskal erromeria iragartzen du egitarauak; Kafe atzean, Jokaldi. Gauerdia jota, Kortxeleko Mamuen igoera, eta Leokadiren agurraren ostean, kontzertuekin amaituko dira andramaixak: Itaka Band EmePebo5t.

ALlarte!

Allartekoek diotenez, urte osoan landu eta hobetu dituzten akrobazien ikuskizuna eskainiko dute bigarren urtez Zubi Zaharrean, trapezioa eta oihalak erabiliz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo