GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Jaietan buru-belarri, errepresaliatuak dituzte gogoan gaur Ondarroan

Urtero egiten duten bezala, ondarroarrek Amnistiaren Eguna ospatuko dute gaur. Herri bazkaria, kalejirak eta brindis solidarioak, euskal preso politiko eta iheslariaren omenez. Eguna amaitu aurretik, 01.00etan, herritarrek manifestazioa egingo dute Ondarroako kaleetan.

p048_p02.jpg

GARA | ONDARROA

Ondarroan hasi dira andramaixak, eta abuztuaren 17ra arte jai giroa nagusituko da herrian. Gaur Amnistia Eguna dute Bizkaiko arrantzale herriko biztanleek, eta 25 urtetik gora igaro dira euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko eguna antolatzen dutenetik.

Diotenez, jaiak Andra Mari egunarekin hasten ziren garai hartan, herrian bazegoen bezperan irteteko zaletasuna, eta sasoi hartan Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatuta, fanfarrea irteten zen herriko kaleak girotzera. Horrez gain, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri bazkaria antolatzen hasi ziren, eta jaien barruko beste jai egun bat bilakatu zen Amnistia Eguna. Ekimen solidario ugariz beteriko eguna.

Izan ere, Plaza Gaineko herri bazkaria da egunotako hitzordu nagusietako bat, eta menua ere tradiziozkoa da. Urtero-urtero, entsalada, marmitakoa, atun errea, melokotoia, kafea eta patxarana dago mahai gainean, sekulako antolakuntza eskatzen duen ekitaldian.

Jaietako ekimen jendetsuenetariko bat bilakatu da Amnistia Eguna ospatzeko antolatzen den herri bazkaria. Azken batean, gaur 600 lagun bilduko dira Plaza Gainean bazkaltzeko, eta 60 lagun inguruk parte hartuko dute antolatze lanetan, bazkaria prestatzen, zerbitzatzen eta garbitzen.

Badago azken urteetan huts egiten ez duen gonbidatu famatu bat. Jon Maia bertsolaria bazkarian izena emanda dago, eta bukaeran bertsoak eskainiko ditu. Ibai Ibaibarriagak, Herrirako kideak, atzo azaldu zuen bezala, Gipuzkoako bertsolari eta zinemagilea beti agertzen da herri bazkarian.

Bazkariaren ostean, ekimen solidarioan bildutako lagunek preso eta iheslarien senideei omenaldia eskainiko diete Kafe atzean, eta jarraian irakurketa politikoa ere egingo da. Era berean, urtero egiten duten bezala, gaur ere ohiko kantaldia egingo dute ondarroarrek ekitaldia bukatu ondoren.

Tanborrada 21.00etan hasiko da, eta 23.00etan «Kilometro 0: Dispertsioaren hamaika aurpegi» ikuskizuna izango da, irudien bidez errepresaliatuen errealitatea adierazten duena. Kortxeleko Mamuen jaitsieraren ondoren, amnistiaren aldeko manifestazioa egingo dute 01.00etan. Aipatutako martxa Ondarroako Zubi Zaharretik aterako da.

Musika, gaua amaitzeko

Manifestazioa bukatzerakoan, 02.00 inguruan, hasiko dira kontzertuak Kafe atzean. Ekimen politikoak alde batera utzita, herriko gazteek Deus Ez eta Katekesise taldearen musikaz gozatu ahal izango dute gaua amaitu arte, edo gutxienez beren indarrak hustu arte.

Halaber, 04.00etan, etxeratzeko asmorik ez dutenak pantaloi eta kantzontzilo lasterketara gonbidatuta daude. Lasterketa gaurko egitarauari amaiera emanez, Zubiaurre Anaiak kaletik aterako da, eta herriko kale nagusiak zeharkatuta, Musika plazan amaitu.

Bihar, abuztuak 15, Andra Mari eguna ospatuko dute ondarroarrek.

PRESOEN ALDE

Eguerdian, Plaza Gainean antolatu den herri bazkaria hasi baino lehen, Ondarroako biztanle solidarioek euskal preso politiko eta iheslarien aldeko brindisa egingo dute Kulixkan.

KALEJIRAK

Goizean bi kalejira egingo dituzte Ondarroako kaleetan. Bata, herriko txistulari taldeak antolatzen duena, 08.30ean abiatuko da. Bestea, Amnistia fanfarrearen eskutik, 12.30ean hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo