GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Goizuetako jaiak hasiko dira gaur, Gazte Egunarekin

Gazte Egunak emango die gaur hasiera Goizuetako jaiei. Zortzigarren urtez antolatu dute goizuetar gazteek festetako egun berezi hau, eta jai herrikoi eta parte-hartzaileen aldeko apustua berretsi dute. Txupinazoa eguerdian botako dute, eta festak hilaren 18ra arte iraungo du.

p050_f03.jpg

GARA | GOIZUETA

Gaur eguerdian emango diete hasiera Goizuetako jaiei, udaletxetik txupinazoa botata. Festak Gazte Egunarekin hasiko dituzte goizuetarrek, baina igandean ere izan zuten, aurrekari gisa, Haurren Eguna.

Gazte Egunaren zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta gaurko ez ezik, beste festa egunetarako ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte gazte goizuetarrek. «Jai herrikoi eta parte-hartzaile batzuen aldeko apustua egin dugu aurten ere, eta herriko gazteak nahiz urtero kanpotik etortzen zaizkigunak festetan ere aktibo eta parte-hartzaile izatera desafiatu nahi ditugu», azaldu dute goizuetar gazteek.

Horrenbestez, herriko festetara etortzeko deia egin zuten. «Ez zarete-eta damutuko», nabarmendu zuten Nafarroako herriko gazteek.

Eguerdian botako dute txupinazoa Goizuetako Udaletxetik, eta berehala erraldoiak eta buruhandiak abiatuko dira herriko kaleetan barna, trikitilarien laguntzarekin.

Ordu erdi beranduago gazteek poteoa hasiko dute, eta 14.30ean gazte bazkarian bilduko dira. Txartelak erosteko Amaia kafetegira joan beharra dago. Bazkaria batzuentzat nahikoa izango ez denez, 17.30ean Desafiazank proposatutako «ruta tabernitikoa» aukera ezin hobea da arratsaldeko beroari aurre egiteko.

18.00etan zezenak izango dituzte Goizuetan, eta ordu eta erdi beranduago peñen irteera.

Gazte Eguna izanda, gazteek ere txupinazo propioa izango dute. 20.00etan jarri dute zita, Gaztetxean. Gero, gauerdian, kontzertua izango dute, Hernaniko BeHatxe Roja eta Txantreako Pottoka Punk taldeekin.

Ordu berean, hain gazte ez direnek ere beste dantzaldi bat izango dute Gabezin taldearekin. Ondoren, fanfarreak alaituko ditu Goizuetako bazterrak.

Ama Birjinaren Eguna

Bihar, berriz, Ama Birjinaren eguna izango dute Goizuetan, festetako egun nagusia. Aurreko gaua gehiegi luzatu dutenak esnatzeko diana joko dute dultzaineroek, 07.00etan. Hortik ordubetera, 08.00etan, entzierroa hasiko da.

Bestalde, 10.30ean mezatara joateko aukera izango du nahi duenak, baita ondoko prozesiora ere, gaitero eta dantzariekin.

12.30ean, berriz, Aimar Olaizola omenduko dute goizuetarrek. Eskuz banakako pilota lehiaketako txapelduna herriko frontoira helduko da dantzariz eta pilota eskolako ikaslez lagundurik. Abesbatzaren eta bertsolarien emanaldien ostean, Aimar Olaizolak ohorezko sakea egingo du eta afizionatuen eta umeen partidak jokatuko dira segidan.

Bitartean, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan.

18.00etan, berriz, Lasturko zezenak izango dira, eta 19.30ean bertso saioa hasiko da. Gai librean, Sebastian Lizaso, Julio Soto eta Iker Zubeldia arituko dira.

22.00etan, herri afaria egingo dute Umore-Ona elkartean, eta ordu horretan hasiko da dantzaldia ere (goizaldeko ordu biak arte), Bide Batez taldearekin. Ordu batean kalejira izango da, Igandea fanfarrearekin; eta hiruretatik aurrera ere berriro ibiliko da fanfarrea giroa alaitzen.

Ostegunean Sagardo Eguna izango da Goizuetako jaietan. Eguerdian sagardo dastatzea izango dute. Bestalde, 19.30ean, Aspeko pilota partida (Apezetxea eta Peñagarikano Mendizabal III.aren eta Cecilioren kontra) eta afizionatuen lau eta erdikoa. Gazteek karaokea egingo dute Gaztetxean, goizaldeko ordu bietatik aurrera.

Eta horrekin guztiarekin nahikoa ez duenak, ostiralekoak ere izango ditu. Baita larunbatekoak ere, Peña Egunekoak, festei amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo