GARA > Idatzia > Kultura

Udate

«Bidaiatzean, bazter ezkutuetan galtzea zoragarria da»

p40_f02.jpg

Aiora Renteria

Zea Mays taldearen ahotsa

Aiora Renteria (Bilbo, 1976) euskal abeslari, kantagile eta irakaslea da, baina bere ibilbide musikalean bereziki nabarmentzen da Zea Mays taldearen kantuei ahotsa emateagatik. Aiora Renteriaren ahots indartsuak magia dauka; jendea hunkitzea eta dardaratzea lor dezake. Izan ere, elektrizitatea badela ohartarazi zuenetik, euskal musikaren munduan distira egin du.

Iris MURILLO | GASTEIZ

Kontzertuz kontzertu darama uda osoa, beraz, nahiz eta bidaiatzea asko atsegin, udako oporrik gabe geratuko da oraingoan Renteria. Aurreratu duenez, abenduan kontzertu berezi batzuekin ERA diskoari AmaiERA emango diote, eta, Zea Mays taldearen jarraitzaileen zorionerako, hurrengo urtean disko berria prestatzen hasiko dira.

Bisitatu dituzun lekuetatik, zein nabarmenduko zenuke?

Japonia izan da egon naizen lekurik bereziena, kulturalki guztiz ezberdina delako. Bertan jotzen egon ginen, eta hango taldeekin kontaktua egin genuen. Nire ustez, leku baten mamia benetan ezagutzeko bertako jendearekin kontaktuan jarri behar duzu. Garrantzitsua da bidaia gidatan agertzen diren tokiak baino gehiago ikustea; taberna, jatetxe eta bazter ezkutuetan galtzea gozada bat da.

Leku berri bat ezagutzerakoan, zein da egiten duzun lehenengo gauza?

Asko gustatzen zait agendak, egunkariak eta kartelak begiratzea, gero, gauean, leku horiek bisitatzeko eta kontzertuak ikusteko.

Topatu dituzu musika mota desberdinak...

Bai, eta askotan zur eta lur utzi naute. Adibidez, pasa den urtean San Frantziskoko (Kalifornia) Castro auzoan egon nintzen izena ere gogoratzen ez dudan talde baten kontzertuan. Bertan, Beyonce-ren bertsio izugarri bat egin zuten. Nire mahaitik altxatu eta lehenengo lerroan jarri nintzen saltoka. Ez nuen uste pop abesti lasai batekin horrelako rock bertsio potente bat egin ahal zenik!

Nora ez duzu bueltatu nahi?

Egon naizen leku guztietara bueltatuko nintzateke. Izan ere, leku bakoitzak bere alde zoragarria dauka.

Zer eramaten duzu beti zurekin bidaiatzerakoan?

Bi bidaia mota egiten ditut normalean, bidaia turistikoak -lekuak ezagutzeko- eta oporrak igarotzekoak. Turistikoetan karneta, dirua eta txertoa beti datoz nirekin. Oporretakoetan berriz, snorkela eta bainujantzia.

Zer uzten duzu etxean?

Estresa eta genio txarra etxean uzten saiatzen naiz; askotan nirekin datoz, baina denbora gutxira joan egiten dira!

Zein da zuretzat abesti bat sortzeko lekurik aproposena?

Abestiak sortzeko edozein leku aproposa da, inspirazioa baldin badator. Normalean itsasaldeko leku lasaiak gustatzen zaizkit. Eivissako badietan adibidez, ur urdin gardenaz eta eguzkiaz gozatzea gustatzen zait, gero etxean paisaia hori buruan izanda idazteko.

Eta kontzertu bat emateko?

Itsasoaren aurrean; kontzertu bat emateko lekurik hoberena dela iruditzen zait. Hala ere, jendea entzuteko prest dagoen heinean, edozein leku aproposa da.

Bidaia bat egitean, dena planifikatzen duzu aldez aurretik?

Aldez aurretik lo egiteko lekua hartzen dut, baina beste guztia han bertan bilatzen saiatzen naiz. Horrela, ezagutu dezakezu herri bat eta bertako jendeak eta kulturak gordetzen dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo