Xabier Izaga Kazetaria
Legea, Jainkoa eta larderia
Mariano Rajoyk Jainkoak agindu bezala gobernatzen omen du. Baina espainiarra ez omen da estatu teokratikoa, esate baterako Irangoa edo Saudi Arabiakoa bezala. Tira, Israelgoa ere ez, baina bada, izan; teokratikoa, alegia. Eta Gobernu espainolak txitean-pitean dio legea beteko duela. Zein lege, ordea? Jainkoarena? Eta nork interpretatzen du Jainkoaren lege hori, Aita Santuak, Bin Ladenen jarraitzaileek edo Rajoyk? Ez, Estatu espainoleko legeak, diotenez, konstituzio demokratiko baten araberakoak dira. Kontua da herrialde demo- kratikoetako legeek badutela oinarri etiko unibertsala, eta ez inongo erlijioren moralaren araberakoa, giza eskubideen araberakoa baizik.
Iosu Uribetxeberria eta beste hainbat euskal preso politikok gose grebari ekin ziotenean, Jorge Fernandez Barne ministro espainolak esan zuen ez duela presiorik onartuko. Dagoeneko laurehunetik gora preso ari dira gose greban, milaka herritar eta eragile politiko, sozial eta sindikal atera dira kalera eta sareetara Uribetxeberria eta gainontzeko preso gaixoak askatzeko exijituz. Baina ministroak dio ez duela presiorik onartuko. Eta legea beteko duela. Orain artean ez dute bete. Hau da, legearen presioari, behin eta berriz moldatu eta nahierara interpretatu eta aplikatu izan duten legeari, muzin egin izan diote. Horrexegatik heldu diote euskal presoek gose grebari eta ugaritu dira herri mobilizazioak. Eta horregatik euskal gizarteak are argiago ikusten du Fernandezen eta Rajoyren Gobernuari bost axola zaizkiola legeak. Aldareetatik indarkeria politikoa onartezina dela aldarrikatu izan dutenek indarkeria, alferrikako sufrimendua, dute beren interes politikoen zerbitzuko bide nagusi eta bakarra.
Gaixotasun larriak dituzten hamalau preso, haietako bat hiletsian; beste preso baten emaztea eta seme-alabak ospitalean; dozenaka lagun espetxe zigorra hainbat urtez luzatuta... Ustezko irmotasunaren irudi patetikoa, ankerkeriaren argazki zehatza, Rajoyren jainkoaren aurpegia erakusten duena, Espainia nazional-katolikoaren jainko mendekati eta larderiatsuarena.
Aurrera, Iosu. Eutsi egingo jeutsagu.