GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Diru publikoarekin ordaindutako oparia, Euskaltel-i

Abuztua espresuki erabiliz, Gasteizko Legebiltzarrean EAJ, PSE eta PPk oniritzia eman diote Jaurlaritzaren telekomunikazio sarea Euskalteli saltzeko. Konpainiaren sortze beretik, berak bakarrik erabiltzen zuen sarea alokairuan. Monopolioaren abantaila guztiez profitatu eta sare propioa edukitzearen gastuez libratzen zen horrela. Oso eztabaidagarria den eredu baten etekinak bere egiten zituen, berez akats bat zena. Baina prezioa gorabehera -68 milioi euro-, are akats larriagoa da guztien diruarekin ordaindutako azpiegiturak operadore pribatuen eskuetan uztea, aukera berdinetan operadore ezberdinei alokatu beharrean. Hartu den erabaki horren ereduak, hots, ondasun publikoen pribatizazioarena, badu alternatibarik: sare publikoa erabili ahal izateko operadore pribatuek ordaintzea. Horrela bermatuko baita konpetentziarik handiena benetako balioa dagoen tokian, zerbitzuaren probisioan alegia. Beste alternatibak, soilik sare propioa duten konpainien mesedetan dira, esaterako Telefonicaren, edo honako kasuan, Euskaltelen mesedetan. Baina onargarria ez dena da azpiegitura bat sortzea diru publikoarekin, ekimen pribatua bertan sartu nahi ez izatea, eta gero, esplotazioaren monopolioa konpainia pribatuei «oparitzea». Eta are, Orange konpainiari ordaindu beharreko isuna ordaintzeko diru publikoa injektatzea.

Diru publikoaren erabilera ustelaren beste adibide mingarri bat, klientelismoaren ernamuina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo