Udate
Bilboko Konpartsek Egillor omenduko dute Aste Nagusian
Juan Carlos Egillor marrazkilaria omenduko dute Bilboko Konpartsek Aste Nagusian. Berak egindako diseinua daraman jaietako zapia, pina eta buruhandia aurkeztu zituzten atzo, «Aste Nagusiko espiritua» ezin hobeto islatzen duen jaietako lehenengo zapia berreskuratuz.
Jonebati ZABALA | BILBO
Bilboko Konpartsek Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon aurkeztu zituzten atzo Juan Carlos Egillor marrazkilariaren omenez egindako Aste Nagusiko zapia, pina eta buruhandia.
Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako bozeramailearen esanetan, iaz marrazkilariari egin ziezaioketen omenaldi onena egin zioten, Egillorrek berak lehenengo Aste Nagusirako diseinaturiko zapia berreskuratzea, hain zuzen, «Aste Nagusiko espiritua ezin hobeto islatzen duena».
Aurtengo zapia iazkoaren antzekoa da, baina baditu aldaketa txiki batzuk. Ez dago hitzik zapian, izan ere, Villafañezen arabera, «irudiak berak argi uzten du Bilbo jaietan dagoela». Aurten tirada handitu dute, eta 14.000 zapi egongo dira eskuragarri Bilboko Konpartsen txosnetan, doan.
Sebe Callejari, Juan Carlos Egillorren lagunari, eman diote lehen zapia, eta berak, marrazkilariaren sendiaren izenean, eskerrak eman dizkie Konpartsei halako omenaldia egiteagatik.
Buruhandia ere bai
Zapiaz gain, Egillorren irudiarekin egindako buruhandia ere aurkeztu zuten atzo. Konpartsek Bilboko Udalaren erraldoi eta buruhandien konpartsari eman zioten «pertsonaia» berri hau. Aste Nagusian kalean ikusteaz gain, euren gainerako emanaldietan ere erabiliko dute.
Zapiarekin eta buruhandiarekin batera, Egillorrek diseinaturiko irudiaren pinak ere atera dituzte. 3.500 ale egongo dira euro baten truke salgai, bai txosnetan zein Bilboko establezimendu esanguratsuenetan; Cafe Bar Bilbaon, La Granjan eta Cafe Iruñan, besteak beste.
Iazko zapiak izan zuen arrakasta ikusita, aurten tirada handitzea erabaki dute konpartsek; 14.000 zapi banatuko dituzte txosnagunean.
Egillorrek eginiko irudiaren buruhandia Udalaren erraldoi eta buruhandien konpartsari eman diote, euren emanaldietan erabil dezaten.