GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Uribetxebarria askatzea, funtsezko kontu bakarra

Behin Iosu Uribetxebarriari Auzitegi Nazional espainoleko Espetxe Zaintzako epaileak eskatutako diagnostiko probak eginda, espero izatekoa da hark hurrengo egunotan erabaki bat hartuko duela. Eta, edozein ikuspuntutatik, ulertezina izango litzateke arrasatear presoa askatzea ez den beste edozein erabaki. Izan ere, Uribetxebarriak gose greba hasi baino lehen abiatu behar izan zuten prozedura luzatzeko aitzakia baino ez dira proba horiek, ospitalean egindako beste proba batzuen bidez jakin baitzuen Uribetxebarriak bere gaixotasunaren larriaren berri, eta berak bezala, espetxe administrazioak. Orain Madrilek Euskal Herriari begira eta batez ere Estatuko sektorerik muturrekoenei begira, jantzi egin beharko du euskal presoaren askatasuna. Euskal Herrian behinik behin berandu izango du, egindako ankerkeria erakustaldia ezin baitu inola ere zuritu. Gobernu espainolak eta PPko hainbat buruzagik esan zuten ez zutela aintzat hartuko euskal gizartearen eta presoen presioa, lotsagabekeria nabarmena erakutsiz, beren jarrerak -hau da, lehenbailehen legeak dioena ez egiteak- eragin baitu euskal presoaren aldeko uholdea. Aurkez dezatela nahi duten bezala, hori ez da funtsezko arazoa. Uribetxebarriak bere etxekoen artean izan behar du denbora galdu gabe. Eta ez da ahaztu behar gaixo diren beste hamahiru presoek ezin dutela itxaron arrasatearraren egoerara iritsi arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo