Mendixka hondakindegia eraikitzeko baimen berria eskatua du Bil ta Garbik
Paueko epaitegiak baimena eten ostean, Mendixka hondakindegiko lanak momentuz gelditu egin ditu Bil ta Garbik. Baldintza guztiak beteko dituen baimen berria eskatua du eta proiektua egingo dela adierazi du.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Asteotan hainbat berri izan dira Sarrikotapeko hondakindegi proiektuaren inguruan. Astelehenean bertan, Bil ta Garbiri emandako eraikuntza baimena etetea deliberatu zuen Paueko epaitegiak, Terre Verte elkartearen eskaera aintzat hartuta.
Alain Iriart Bil ta Garbiko lehendakariak atzo, Baionan, jakinarazi zuen lurzorua prestatzeko uztailaren 16an hasitako lanak gelditu egin direla momentuz. 2010ean Prefeturak onartu zion eraikuntza baimenaren kontra jo zuen proiektuaren aurka dagoen elkarteak. Etenda geratu den arren, Auzitegi Administratiboak fondoa oraindik aztertu ez duenez, «ezin da esan baimena deuseztatuta dagoenik», nabarmendu zuen Iriartek.
Une hauetan egiten ari diren lanetarako (lurzorua eta kanalizazioak prestatu) baimena baduten arren, epaileek adierazitakoa kontuan hartu dute -eraikuntzarekin erabat lotuta daudela, alegia-, eta horrenbestez, egokiago deritzote dena gelditzea. Hori bai, Iriartek argi utzi zuen ez dutela, inolaz ere, proiektua zalantzan jartzen: «Hiru eta sei hilabete arteko atzerapena eta kostuen emendatzea eragingo du, jakina, baina Mendixka, hondakinak tratatzeko gunea, egin egingo da».
Zentzu horretan gogorarazi zuen maiatzaren 31n baimen berri bat, «osatuagoa eta legeak eskatzen dituen arau eta baldintza berri guztiak betetzen dituena» eskatua duela Ipar Euskal Herriko etxe-hondakinak tratatzen dituen egiturak. «Espero dut tramite administratibo guztiak lehenbailehen amaituko direla lanekin jarraitzeko», gaineratu zuen Iriartek.
Finkatutako epeak betetze aldera, gorabehera hauek guztiek eragingo duten atzerapena lanak gauzatzerakoan errekuperatzeko asmoa dute.
Biak egingo dira
Iriartek irmoki berretsi zuen Mendixka hondakinen tratamendurako zentroaren «egokitasuna eta halabeharkotasuna». Gaia «konplexua» dela onartu zuen, baina azterketak, kontrasteak -«baita aurka zeudenekin ere»- eta plangintzak prestatzen sei urte igarota, bai Baionako Canopia zentroa, bai Sarrikotapeko Mendixka bururaino eramango direla ziurtatu zuen: «Bagenekien gauzatze fasea izango zela korapilatsuena, baina gu beti gardentasunez aritu gara eta proiektuak aurrera eramango ditugu».
Hautatako sistemaren oinarriak (birziklatzea, metanizazioa, konposta eta gerakin geldoak lurperatzea) egokienak direlako uste osoa du. Etorkizunean indarrean jar daitezkeen arau berrietara egokitzeko asmoa ere adierazi zuen Iriartek.
Urte horretarako Ipar Euskal Herrian sortzen diren hondakin guztiak bertan tratatzea du helburu Bil ta Garbiren plangintzak. Norabide horretan, urtebete lehenago Canopia eta Mendixka guneak funtzionatzen egon beharko lukete.