Udate
Bi aste luze iraungo duten jaien lehen egunari ekingo diote gaur Laudion
Luis Mari Tomek, Ñorrala kuadrillako txupineroak, izango du aurten udaletxeko balkoitik festen hasieraren berri ematen duen txupinazoa botatzeko ardura. Une horretan hasiko dira Aiara herrialdeko iparraldean dagoen herri honetako jaiak. Zortzi eguneko egitarau zabal eta askotarikoak biltzen ditu Laudioko festetako ekimenak. Aurreko urteetan egin diren ekitaldiez gain, beste hainbat berritasun dakartza aurten, hala nola «correfoc» ezagunak.
Iris MURILLO | LAUDIO
Eguerdiko hamabietan entzungo den txupinazoaren eztandak Laudioko jaiei hasiera eman eta herritar guztiak jai giroan jarriko ditu bi astetan zehar.
Lasterketa bat hasi behar duten korrikalariek bezala, berotze-ariketak egiten hasi ziren atzo laudioarrak, jaien pregoiaren irakurketaren ostean Ttuntturro Laudioko Zanpantzar taldeak egin zuen kalejiran.
Gaur hasiko dira, ordea, ofizialki jaiak Aiara eskualdeko iparraldean dagoen herri honetan. Eguerdiko hamabietan, Luis Mari Tomek, Ñorrala kuadrillako txupineroak, bertoko udaletxeko balkoitik txupinazoa bota eta Laudioko zeruan gora abiatzean, herritarren bihotzek pozez eztanda eginda parranda barreiatuko da herri osoan zehar. Kalejirak, buruhandiak, erraldoiak, eta, nola ez, kuadrillek, Laudioko kaleak gonburu egingo dituzte.
Bestetik, txosnen irekiera iragartzen duen beste txupinazoa 13.30ean botako dute Txosna Batzordeko kideek.
Bi astean zehar izango dira jaietan laudioarrak; zortzi jai egun, ondo asetzeko moduan. Bada, nahiz eta lehen Euskal Herriko jai luzeenak zituen herria izan -hamabost egun irauten baitzuten-, orain, jaiak zatikatu egiten dira. Hori dela eta, gaurtik hasita hiru jai egun izango dituzte hasteko, larunbatera arte. Gero, energia berreskuratzeko lau eguneko «atsedena» izango dute laudioarrek, ondoren beste bost egunetarako prest egoteko. Horrela, jaiak hilaren 22an, asteazkenean, berrabiatuko dira eta igandera arte jo eta ke ibiliko dira parranda giro betean.
Gaur bertan jarriko da martxan egitarau zabala eta, arratsaldeko seietan, Euskal Herriko emakumezkoen Futbol Kopa jokatuko dute Athletic eta Gasteizko Aurrera taldeek Ellakuriko futbol zelaian. Aldi berean, bestelako hamaika ekimen ere gauzatuko dira, hala nola, txikientzako «Zapat Gorriak» ikuskizuna aurkeztuko dute herriko plazan, Patata Tropikala taldeak. Horrez gain, Kun Kun perkusio taldea herriko kaleak girotzen arituko da.
Eguzkia ezkutatzen denean, Laudioko hiritarrak gauaz gozatzeari ekingo diote, iji eta aja, batzuek, Zumalkarregi hiribidean, besteek txosnagunean. Bada, bi leku hauetan izango dira kontzerturik aipagarrienak; hala nola Green Valey, asteazkenean, eta Gatibu talde bizkaitarra, larunbatean; Laudioko gazte parrandazaleek festan jarraitzeko primerako eskaintzak. Musika elektronikoaren jarraitzaileentzat aipatutako hau izango da beren elkargunea; izan ere, DJ Oihan Vega eta bestelakoak izango dira ia egunero 23.00etatik aurrera.
Txosnetako musika proposamena ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; Honat, Eraso!, Egurra Ta Kitto, Tximeleta, Vendetta, Zirkinik Bez, The Mandoilers eta Su Ta Ke taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste, lehenengo hiru egunetan zehar. Hurrengo astean, berriz, Tximeleta eta Vendetta izango dira agertokian hip-hop taldeekin batera.
Egitaraua ez da, ordea, musikara mugatzen. Zumalakarregi ondoko txosnetan, hain zuzen, ostegunean, adibidez, herri bazkaria egingo dute 14.30ean, eta sabela bete eta gero, bazkalondoa luzatzeko, mus txapelketa antolatua dute.
Egun guztiak ekintzaz josita dituen txosnen egitarauan 24a eta 17a nabarmentzen dira. Bada, azken honetan parrillada, bertso-dantza eta «poteo-joteo»-aren ostean, kontzertuak izango dira. 24a, berriz, haurrentzako egun polita izango da; izan ere, gaztetxoentzako eta haurrentzako jolasak izango dira arratsaldean zehar. Gainera, egun horretan bertan, arratsaldeko hiruretan, Esku Pilota Txapelketa antolatu du Txosna Batzordeak.
Berritasunak
«Aurten su artifizialak desberdinak izango dira», Alfonso Larrazabal kultura zinegotziaren esanetan. Bada, aurten correfoc-ak izango dira Laudioko zerua eta herria argiztatuko dutenak. Su ikuskizun hutsa baino gehiago dira, antzerkitik ere badute-eta jatorriz Katalunia, Aragoi eta Valentziakoak diren correfoc-ek; «deabru» batzuk kaleetan zehar ibiliko dira dantzan, suziriak, petardoak eta su artifizialak botatzen. Beraz, kontu handiz ibili beharko dute erraz ikaratzen direnek. Larrazabalek iragarri duenez, hilaren 15ean, kalean ibiliko dira eta 16an, berriz, «elizaren dorretik egingo dute ikuskaria, ziur aski».
Bestetik, zezen plazan egingo den zaldi ikuskizuna nabarmendu du kultura zinegotziak. Larrazabalek azaldutakoaren arabera, emakume bat zaldiarekin flamenkoa dantzatzen ikusi ahal izango da «Tu si que vales» telebistako programa irabazi zuen ikuskizun honetan.
Atzo, Gazteen Eguna
Ostirala, abuztuaren 17a, adinekoei zuzendutako eguna izango da. Hala, 65 urtetik gorakoenbazkaria izango da Canciller Ayala Institutuan. Gero, gainera, ahoa ederki gozatu eta gero, aiton-amonek dantza saioa egingo dute. Algara taldearen eskutik izango da bazkalosteko dantzaldia.
Hurrengo egunetan, Baratxuriaren Eguna, Kuadrillen Eguna, eta Baserritarren Eguna izango dira. Azken honetan, Kultur Jaia egingo dute Lamuza plazan arratsaldeko zortzietatik aurrera. Ekitaldia, txalapartari, trikitilari, txistulari eta Urduñako gaiteroek girotuko dute, besteak beste.
Bestalde, abuztuaren 25an, egun berezia ospatuko dute Laudion, Odolki Eguna. Gastronomiari zuzendutako egun honetan, goiz hasiko dira Goiko Plazan marmitako eta patata tortilla lehiaketa. Beranduago, afaldordu aldera, odolkiak erretzen hasiko dira, eta herriko leku desberdinetan salgai egongo dira.
Eguna biribiltzeko, Akerbeltz kuadrillak lotsak alde batera utzi eta ausardia apur bat dutenentzat IV. Galtzontzillo eta Kulero Lasterketa antolatu du herriko plazan.
Abuztuaren 22an ospatzen da Baratxuri Eguna. Garai batean, jaietako «atseden» eguna izaten zen eta baratxuri zopa hartzen zen ajeari aurre egiteko. Egun, tradizioa apurtu den arren, izenari eusten diote.
Hilaren 23an, osteguna, kuadrilla guztiak elkarrekin bazkaltzeko bilduko dira Aiala Kantzilerra Institutuko patio estalian. Ondo baino hobeto jan eta edan ostean, joko zoroen txanda ailegatuko da.
Anaiarte Eguna igandean ospatuko da, jaien azken egunean. Goizeko hamaiketan, Roketxuren irudia baselizara itzultzeko prozesioa egingo dute, eta bere omenezko meza handia izango da ermita aurrean.