GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Kopa

Iazko Euskal Herriko Txapelketako bost onenak izango dira Trinitate plazan

J.L.

Joan den urteko Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako bost onenek jokatuko dute gaur Donostiako Trinitate plazan Urrezko Kopa. Ekinaldia 19.00etan hasiko da.

Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Juanjo Lopez, Floren Nazabal eta Aitzol Atutxa izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Lana urteroko bera izango da, bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Faboritoak aipatzea ez da erraza. Aizkolarientzat ez da hau izaten unerik onena, erakustaldi asko izaten dituztelako, eta jadanik txapelketari begira ere hasita daudelako.

Aurtengo berrikuntza Aitzol Atutxa izango da, lehen aldiz arituko baita bizkaitarra. Iaz jokatu zuen lehen aldiz Euskal Herriko finala, eta bosgarren amaituta gaur Donostian izateko txartela lortu zuen.

Harri-jasotzaileak

17.30etik aurrera jokatuko da Mallabian, bertako harri-jasotzaileen torneoa. Guztira zazpi kirolari arituko dira lanean, eta bakoitzak bi harri ezberdin erabili beharko ditu, 100 kiloko zilindro zaharra, eta tamaina bereko bola. Bakoitzarekin lanean aritzeko bost minutuko txanda bana izango dute.

Urrutia, Galarraga, Izeta III.a, Izeta IV.a, Otaegi, Inar eta Urpe izango dira lehian arituko diren harri-jasotzaileak. Faboritoak aipatzerakoan, Izeta III.a eta Izeta IV.a agertzen dira. Beraiei oso ongi doazkien harriak dira, eta gainerakoek lan asko egin beharko dute gaur arratsaldean beraiek mendean hartu nahi baldin badituzte.