GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Aizkora Urrezko Kopa

Olaizola eta Irujo aurrez aurre arituko dira Zarazuko finalean

J.L.

Zarauzko Torneoak aurten partida bakar bat izango du, eta ezin esango dute gaur jokatuko den finala erakargarria ez denik. Olaizola II.a eta Albisu Martinez de Irujoren eta Zubietaren aurka neurtuko dira.

Partida oso polita, une honetan sasoi bikainean dauden bi izarrekin; beraz, frontoian ikusle asko batu beharko lirateke, eta hala ez bada, ez da izango partidaren aitzakiagatik.

Bi aurrelariek ongi jokatzen baldin badute, ikuskizuna seguru izango da. Azkeneko hamar egunetan bi aldiz lehiatu dira elkarren aurka. Batean buruz buru eta orduan Goizuetakoa izan zen nagusi, eta bestea Gasteizko Torneoan, binaka, eta orduan Iberokoa izan zen garaile atera zena.

Gaurkoan bi atzelariek ere zeresana izango dute. Atzean nagusitzen den pilotariak asko erraztuko baitizkio gauzak aurrelariari, eta horretan saiatuko dira Albisu eta Zubieta.

Goizean, Aimar Olaizolak omenaldia jasoko du Goizuetako festetako egun handian.

Azkoitiko Guera pilotalekuan ere oso jaialdi erakargarria antolatu dute gaur arratsalderako. Berasaluze eta Apraiz Bengoetxea VI.aren eta Ibai Zabalaren aurka neurtuko dira. Hemen ere bi aurrelariek egun ona baldin badute, ikuskizun polita izango da.

Plaza librea

Plaza librean Frantziako Txapelketako finala jokatuko da Donapaleuko plazan. Etxemendi eta Maitia Goikoetxearen eta Errekaren aurka neurtuko dira. Plaza libreko esku pilota oso egoera larrian dago, gero eta txapelketa, torneo eta jaialdi gutxiago antolatzen baitira, eta gero eta gutxiago dira horretara bakarrik aritzen diren pilotariak.

Gaurko lau finalistak dira horietako batzuk, eta Donapaleuko plazan jende asko sartzen den arren, seguru gaur dena ez bada ere, gehiena beteko dela.

Finalean bi beterano bi gazteren aurka neurtuko dira, eta beteranoak, Etxemendi eta Maitia, aterako dira txapela lortzeko faborito bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo