Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Oinarrizko kirola, oinarrizko kultura
Ezarri dira azken dominak eta itxi da estatuen arteko guda isilaren oihala. Bukatu dira Joko Olinpikoak. Hauteskundeetan boza ematen duenari gertatzen zaion bezala, pasa zaie kirolari gehienei euren hamalau eguneko gloria, eta hemendik lau urtera arte ez dugu kayaka, borroka librea edo taekwondoari buruz ezer gehiago jakingo.
Esanguratsua da espainiar Estatuko zein Euskal Herriko kirolariek lortu dituzten domina gehienak ikusgarritasunik ez duten kiroletan iritsi direla, askotan emakumezkoen modalitateetan. Gero, telebistan nesken eskubaloia ikustea ezinezkoa bada, edo, are gehiago, borroka librea, berdin dio. Oinarrizko kirolean futbola bada nagusi, naturaltzat hartzen dugu. Baina azkar ezartzen zaizkie estatuen (edo estatu gabeko nazioen) ikurrinak arrazen kalitatearen lehian harrotasun nazionala pizten duten kirolari ezezagunei, egun batetik bestera denontzat eredugarri bihurtuz, eta ondoren horren azkar komunikabideetatik desagertzen utziz.
Berdintsu, kulturaren beste arloetan, artean esaterako. Espektakulua, dirua eta masak sustatzen dira; Chillida, Oteiza eta euren imitatzaileen kopiez hornitzen dira espazio publikoak, bizirauteko Calzedonian lan egin eta gero estudiora doazen gazteak ahaztuz; euren irudia publikoari eskaini gabe; artearen merkatuaren oihartzunarekin ubelduz maiz, artista askok honen zipriztinak ere sumatzen ez dituzten arren. Eta eskoletan arteari dedikatutako orduak mozten dira, zientzia eta enpresentzat erabilgarriak ez izateagatik. Baina gogoz zintzilikatuko diogu ikurrina Veneziako Bienala irabazten duen euskaldunari... nor den ez badakigu ere.