GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Emakumeak protagonista aurtengo Bilboko Aste Nagusian

Virginia Berasategi triatleta bilbotarra eta Nerea Orizaola Zarataseko konpartsakidea izango dira aurtengo Bilboko jaietako pregoilaria eta txupinera, hurrenez hurren. Larunbat honetan Arriaga antzokiko balkoitik jaurtitako txupinak hasiera emango dio Aste Nagusiari; bai konpartsek zein Udalak bilbotarrei eskatu diete aurtengoa txupin garbia izan dadila.

p040_f01_199x104.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

Bilboko Aste Nagusiak baditu pregoilaria eta txupinera. Virginia Berasategi triatleta bilbotarra izango da aurtengo jaietako pregoilaria eta Zaratas konpartsako Nerea Orizaola Zaratas konpartsako kidea izango da txupinera. Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak eta Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako bozeramaileak aurkeztu zituzten ofizialki atzo.

Berasategik adierazi zuenez, Aste Nagusiko pregoilari izatea bilbotar batek jaso dezakeen «ohore handiena» da. «Bederatzi ironman segidan egitea bezalakoa» dela esan dioten arren, triatletak erronkak gustuko dituela esan zuen. Pregoilaria izango den bosgarren emakumea da Virginia Berasategi.

Nerea Orizaola txupinerak «jai parte-hartzaile eta herrikoiak» defendatu zituen. Konpartsakidea Aste Nagusiari hasiera ematen dion suziria jaurtiko duen 34. txupinera izango da.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak jantziko ditu jaietako bi ikono hauek, Gerra Karlistetan oinarrituriko uniformea daramate. Elkarte hau horretaz arduratzen da lehenengo Aste Nagusitik.

Bestalde, Itziar Urtasunek jakinarazi zuen 2012ko Ohorezko Bilbotarraren titulua Amagoia Loroñori, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko zuzendariari, emango diotela.

Larunbatean, abuztuaren 18an, hasiko da Bilboko Aste Nagusia, arratsaldeko 19.00ak puntu-puntuan txupinak Areatza gaineko zerua zeharkatzen duenean. Orain dela hamabi urtetik Arriaga antzokian ematen zaio ongietorria Marijaiari, Plaza Barria hurreratzen ziren milaka pertsonentzat txiki geratu ondoren. Aurretik, 17.00etan, txupinaren kalejira egingo dute Alde Zaharretik.

Txupin garbiaren alde

Txupina garbia izan dadin euren laguntza eskatu zien bilbotarrei Itziar Urtasunek. Itziar Villafañezek ere bat egin zuen zinegotziaren eskaerarekin, «ea behingoz txupin garbi bat daukagun». Bilbok berezko ohiturak dituela eta txupinean irina edota arrautzak elkarri botatzea ez dela horietako bat azpimarratu zuen konpartsetako bozeramaileak. Hori dela-eta, txupina jaurti baino lehen megafoniaz eskatuko dute irina, arrautzak eta beste produktu guztiak gunean jarriko den stand batean uzteko. Bertan bildutako elikagai guztiak Elikagaien Bankuari emango dizkiote, erabilera hobea izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo