GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Saihestu ezingo dutena atzeratzen dabiltza

Auzitegi Konstituzional espainolak 197/2006 doktrina ezarrita daukaten 16 euskal presoren helegiteak ebatzi artean kaleratzea atzera bota izana ez da harrigarria, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren (EGEA) irizpidearen kontrakoa izanda ere, Estatu espainolak, auzi horri dagokionez, epe guztiak agortzea erabaki baitu, azkenean EGEAren ebazpena bete beharko duela jakinda ere. Oraingoz, beraz, 16 preso horiek kartzelan jarraituko dute Konstituzionalak haien helegiteak behin betiko ebatzi arte gutxienez. Atzoko ebazpena Auzitegi Konstituzionaleko Opor Aretoak eman zuen, eta esan bezala Estrasburgoren irizpidearen kontrakoa bada ere, esanguratsua da Opor Aretoa bildu izana. Izan ere, ebazpenarekin batera baliteke Estrasburgora mezu bat helarazi nahi izatea, nolabait espainiar Justiziaren ardura erakusteko asmoz, alegia doktrina horren gaineko prozedurak ez dituela alboratuta, ezta oporretan ere. Baina, aldi berean, Konstituzionalaren ebazpenak epe guztiak agortzeko erabakiarekin bat egin du, eta hala aitortzen du, EGEAren ebazpena ez dela behin betikoa esanez. Bitxiagoa ematen du horregatik ebazpenak ez duela «garrantzi nahikorik» esateak. Kalean beharko luketen preso horien askatasuna atzeratu egingo dute, baina EGEAren ebazpenaren garrantziak dagoeneko begien bistan utzi du Estatu espainolaren zekenkeria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo