GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CONSECUENCIAS DE LA POLÍTICA PENITENCIARIA

Burua hotz eta bihotza bero, ospitaleko atarian

Donostiako Ospitaleko hormen bi aldeetan protesta bera jazotzen ari da azken bi asteotan. Barruan, Iosu Uribetxebarria preso gaixoarena; kanpoan, hau babesteko asmoz, beste hainbeste egiten ari diren hamabi hiritarrena. Gose greba borroka gogorra da, baina hor ikusi dute denek arrasatearrak zilegi duen askatasunera eramango duen bidea.

p007_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Nahikoa da zerbait debekatuta izatea burua horretan izateko, hori gogo biziz desio izateko. Eta konturatu orduko irudimena amets horietan barna dabil. Saihetsezina zaio gizakiari, halakoa da. Umeari hura edo bestea ez ukitzeko agintzen zaionean horixe gertatzen da; ukitu egiten duela. Zertan pentsatu, jaterik ez denean?

Hedabideek orduak eman dituzte azken bi asteetan Donostiako Ospitaleko atarian. Barruan, Iosu Uribetxebarria presoa, gaixorik, jada sendaezina den minbiziarekin. Legeak agintzen duen askatasuna eskatzen du, ez gehiago, ez gutxiago, baina Mariano Rajoyren Gobernuak oraingoz ez du urrats hori egin. Jakina da dagoeneko presoak hautatutako irtenbidea gose greba egitea dela.

Euskal Herriak erantzun kolektiboa eman behar duen uneetan ez du hutsik egin, eta azken kasu honetan ere hala izan da. Estatu espainol eta frantsesean 500 euskal preso baino gehiago egiten ari diren baraualdiei ospitaleko atarian hamabi herritar egiten ari direna gehitu behar zaie. Joseba, Manu, Galder eta Rodolfo dira horietako lau. Azken honek hamahiru egun bete ditu gaur gose greban; besteena hamabigarrena da.

Uribetxebarriak abiatutako protestari atxikimendua emateko arrazoiaz galdetuta, keinua elkartasunarekin baino, konpromisoarekin lotzen dute. «Zergatik? Laguna hilzorian dugulako, paretaren beste aldean, metro gutxira, Espainiako Gobernuak heriotz zigorrera bultzatu duelako», diote aho batez. Eta euren esfortzua bakarrik ez, presoak kartzeletan egiten ari direna ere goraipatzen dute, laukotearen ustez, ez baita berdina protesta barruan edo kanpoan egitea, espetxean errazagoa delako presoek euren aurkako presioak sufritzea.

Datozen orduetan Herrirak mobilizazio eta ekimen berriak iragarriko ditu helburua Iosuren askatasuna eskuratzea delako, eta oraingoz egoera maldan gora jarri denez, erantzuna «bai ala bai indartu beharra dagoelako». Mahai gainean ez dute, beraz, gose greba bertan behera uzteko aukera jarri ere egiten. «Ezta pentsatu ere. PPk gure etsipena nahi du, eta horren aurrean indar handiagoz erantzutea baino ez zaigu gelditzen», dio Josebak, eta Euskal Herriak zein bide egin nahi duen erabakita duela gogorarazi du. «Bakea eta askatasuna dira».

Mundua konpontzeko solasaldiak

Uneotan hamabi izan arren, Herriraren kamiseta urdina jantzi eta ura besterik ahoratzen ez dutenak -zigarroen kea alde batera utzita-, orain arte bost lagunek baraualdia bertan behera utzi behar izan dute, osasun arazoak tarteko. Egun asko, eta beraz, ordu asko elkarrekin. «Familia handi bat gara», aipatu du Galderrek, egunero-egunero pankartaren beste aldean jarri edota gerturatzen diren ezagun eta ezezagunen bisitak eskertzen dituen bitartean. Jendeak ura eramateaz gain, animoak igotzen ditu erietxeko atari nagusira.

Esan bezala, ordu asko elkarrekin. Nola bete denbora? Nola entretenitu? Burua bere lekuan mantentzea oso garrantzitsua da halakoetan, gorputzaren erresistentzia proban jartzen denean. «Burua hotz dugu, eta bihotza bero. Horregatik ez dugu Iosuren mezua ahaztu behar. `Inork ez dezala astakeriarik egin' esan zuen berak».

«Eta zertan pentsatu, pentsatu nahi ez den horretan ez pentsatzeko?». Mahaiaren inguruan egunean zehar, eta lokartu aurretik iluntzean, mundua konpontzen ahalegintzen dira, hamaika konturen inguruan berriketan. «Eguna eztabaidekin betetzen dugu, hitz egin eta hitz egin. Dagoeneko sukaldari bilakatu gara, ideologo ere bai, arrantzale, ehiztari...», dio Galderrek. «Baita antiehiztari ere», erantzun dio Josebak.

Baina lehenago edo beranduago janariaren gaiak harrapatzen ditu. «Niri lokartzear nagoenean gertatzen zait», dio Manuk. «Urduritu egiten naiz janarian pentsatzen, patata brabak, ogitartekoak... eta kosta egiten zait loa hartzea, baina azkenean, nekea dela-eta, lokartu egiten gara», dio. Rodolfok zehaztapena egin du ez dutela goserik sentitzen «jateko gogoa baizik» adierazita.

Hain zuzen, Manuk eta Rodolfok hamar eta sei kilo inguru galdu dituzte, hurrenez hurren; Josebak eta Galderrek ez dute oraindik euren burua pisatu.

Eta egunak igaro bitartean, kiloek ihes egingo dute gerri bueltatik, zerumugan irudikatutako helburua bete arte. Baina hots, ez da Iosuren aldeko borroka bakarrik, preso gaixoen zerrendan beste hamahiru presoren izenak daudela ohartarazi baitute. Hori da, beraz, benetako helmuga, Iosuren izena izan dadila Estatu espainolaren jarrera agerian uzten duen azkena. Orduan ukituko dute preso gaixoek zerumuga hori, umeek debekatuta dutena ukitzen duten desioaz, eta brabak, irudimenarekin bakarrik ez, mingainarekin ere dastatu ahal izango dira.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo