Xabier Izaga Kazetaria
Espainia eta gerra
Gerra zibil delakoa Jose Calvo Soteloren hilketak piztu omen zuen. 1936ko uztailean. Tira, zenbaitek esango dute hilketa hark faxistei matxinatzeko argudio bat eman ziela, beste zenbaitek -tartean epaileren batek- bortxatzaile bati ez zaiola aitzakiarik -argudiorik?- eman behar esaten duten bezala. Nolanahi ere, badirudi altxamendu faxista ez zutela bost egunean antolatu, eta bost egunen buruan, hain zuzen, hasi zuten estatu kolpea, politikari prestu hura mendekatzeko, nonbait. Primo de Riveraren diktaduran ministro izan zenaren omenez. «Antes una España roja que una España rota» (Espainia hautsia baino lehen, Espainia gorria) esan omen zuenaren pentsaerari jarraituz. Prozedura ere esanda utzi zuen-eta Josafatera jo baino lehen: «Sería loco el militar que al frente de su destino no estuviera dispuesto a sublevarse a favor de España y en contra de la anarquía» («Ondo eroa litzateke, bere patuaren aurrean, Espainiaren alde eta anarkiaren aurka altxatzeko prest ez legokeen militarra»). Eta Calvo Soteloren aipuak bakarrik ez ekartzearren, Dolores Ibarrurik Madrilgo Gorteetan politikari eskuindarra hil baino egun batzuk lehenago haren gainean esandako hitzak ekarriko ditut: «Este hombre ha hablado hoy por última vez» («Gizon hau azken aldiz mintzatu da gaur»).
80ko hamarraldian, Andres Casinello jeneral espainiarrak esan zuen: «Prefiero la guerra a la alternativa KAS, y la guerra a la independencia de Euskadi» («KAS alternatiba baino gerra nahiago dut, eta Euskadiren independentzia baino, gerra»).
Duela pare bat egun, Santiago Abascal PPko parlamentari ohi eta Denaes Nazio Espainiarraren Defentsarako Fundazioaren presidente eta originaltasun falta nabarmenaren jabeak esan zuen: «Prefiero una España con escoltas pero unida que libre pero rota» («Libre baina hautsia baino, nahiago dut eskoltak behar dituen baina batuta dagoen Espainia»). Eta ezin liteke libre eta eskoltarik gabe? Eta euskaldunek, edo katalanek, edo nik al dakit nork, ez badute Espainiarik nahiago...? Uste dut badakidala erantzuna, Jose Maria Aznarrek esana: «Las víctimas siempre tienen razón» («Biktimek beti dute arrazoia»).
Lau elementu horiek, zoritxarrez, ez dira salbuespena; aitzitik, Iosu Uribetxebarriarekin erabiltzen ari diren basakeria ikusita, Estatu espainolaren tradizio batez ari garela esango nuke.