Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
EH tropikaletik, Errioxako infernura!
Egun hauetan Euskal Herrian bizi izan duguna ezin esan normala izan denik; zaleok eskaini diguzuen berotasunak ere eragina izango zuen zalantzarik gabe. Izerditan blai pasa ditugu hiru egun. Goizean pijama busti-busti esnatu eta gosaldu aurretik lehen dutxa hartu izan dut; etapan zehar berriz dutxan banengo legez busti izan gara, eta amaieran dutxatu arren, izerditan jarraitu izan dugu arratsalde osoan zehar. Afal aurretik hirugarren dutxa, eta egunen batean lotara sartu aurretxoan laugarrena ere hartu izan dut; baina gustura ibili gara Euskal Herri tropikalean!
Gaur Errioxara sartzeaz batera, infernuan sartu garela zirudien. Bero errea batetik eta haize ezatsegina bestetik, aldrebestu zaigu gure ibilia. Haize babesak tarteko, tentsio handia izan dugu, eroriko eta tropel hausturak sortuz. Nahikoa ongi ekidin ditugun arren, azken mendatean Igorrek ahultasun unea sentitu, eta kontaktua galdu duenean, bere zain geratu gara, eta pixkanaka gerturatu bagara ere, ezin esan guretzat egun ona izan denik! Galdutako denbora ez da gehiegizkoa izan, eta itzulia luze eta gogor joango zaigunez, aurrera begiratu eta gogor egitea beste aukerarik ez zaigu geratzen! Infernutik ere kiskali gabe atera bagara baikor izan gaitezke!!!