GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Bilboko aste nagusia

Nafarroatik kukutzara, Pancho Villa tartean, edo txosnen irudiaren garrantzia

Bilboko Konpartsek berebiziko garrantzia dute Aste Nagusiari bizitza emateko orduan. Txapelketak, bazkariak, bertso-saioak... denetarik antolatzen dute. Baina jai herrikoiak lantzeaz gain, irudia ere ederki lantzen dute euren txosnetan. Kritika politiko, sozial eta kulturala, aldarrikapena eta umorea, tartean benetako artelanak utziz.

p046_f03.jpg

Mikel PASTOR

Zer lotura dago Ernesto Guevara, Nafarroako Erresumako gaztelu erraldoia, itsasontzi pirata eta «Eraztunen Jauna» sagaren artean? Testu hau sinatzen duen kazetaria zoratu egin dela pentsatzen hasi baino lehen, Bilboko Konpartsen txosnen kanpoko itxuraz ari garela zehaztu beharko dugu. Urtero bezala, originaltasuna eta aldarrikapena nagusi muntaketetan, umore ukitu nabarmenarekin. Krisi ekonomikoa da, inolako duda barik, gai nagusia, baina Iñaki Azkuna alkatearentzat ere badaude zenbait mezu, Iñigo Cabacasen heriotzarekin eta Kukutza gaztetxearen itxierarekin lotuak.

Udaletxea aipatu dugunez, has gaitezen ba Txomin Barullo konpartsari buruz hitz egiten, handik gertuen dagoen konpartsa baita. Aste Nagusiko jai eredu honen sustatzaile hauek, beti bezala, Groucho Marxen pertsonaia daukate ikurtzat. Umorista amerikarra, aurtengo edizioan, krisi egoera latzean kokatu dute, telefono kabina batetik, Timofonica izena daraman batetik, dei desesperatua eginez. Bere atzean ditu, Rajoy, Esperanza Aguirre eta Rodrigo Rato, Bankiako zuzendari ohia, putrez karakterizatuta.

Alboan Mamiki konpartsa daukagu, mugimendu feministari lotua. Urtero bezala, iraultza feminista izan behar dela azpimarratu nahi izan dute, «ezin badugu dantzatu, ez da gure iraultza» nabarmenduz, baina betiere gogoratuz «feminismoa beti borrokarako zutik eta prest dela».

Areatzako kaitik jarraituz, Hontzak konpartsa anarkistaren txosna aurkitu dezakegu. Urtero bezala, CNT sindikatukoek lan bikaina egin dute apainketa arloan. Pasa den urtean txosnarik ederrena izendatutakoak kartoizko txorizo erraldoiak eskegi ditu txosnan, politikariek eta bestelako erakundeek (patronala, sindikatu «subentzionatuak, eta abar...) lapurreta baino ez dutela egiten adieraziz.

Homo, trans eta bisexualen konpartsa den Pinpilinpauxa zinefilo agertu da aurten, eta «Pinpi Hollywood» izendatu du barra, tartean zinemako historiako zenbait pertsonaia ezagun daudelarik.

Okilaren itzulera eta sauron

Kaitik aurrera eginez gero, Euskalgune izendatutakoa topatuko dugu. Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau!, Hor Dago! eta Txori Barrote konpartsek osatzen dute gunea, euskararen erabilera bultzatzea dutela helburu.

Eguzki erakunde ekologistari lotutako konpartsak sekulako lana egin du aurten. «Eraztunen Jauna» liburu eta filmen unibertsoan kokatuta, Azkuna Sauron bihurtu dute, bere armak ordenantza munizipalak direlarik, eta bere zerbitzuan bi dorre ilun dituelarik, kartoiz eraikiak eta txosnaren alde banatan kokatuak. Horren aurrean, soldadu gisa agertu dira ekologistak, jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzaileak bultzatzeko nahiarekin. Campana saria jaso dute, txosnaren kanpoko irudi onenari.

Hau Pittu Hau! eta Hor Dago Abante! konpartsek txosna apalagoak eraiki dituzte. Erakunde euskaltzaleak 25 urte bete dituela harro bota du lau haizeetara, eta «Berria» egunkariko konpartsak Erlauntza sortu du, egunkari euskaldunaren aldeko Ziztada kanpainaren baitan.

Txori Barrote indartsu itzuli da, bi urteko zigorraren ostean, eta lau pisuko txosna jarri du. Amnistiaren aldeko konpartsak euskal preso politikoen zenbait egoera erreproduzitu nahi izan ditu, vis a vis-ak, esaterako.

Areatzako zubirantz gerturatuz, Kulturgunea osatzen duten Altxa Porrue, Txinbotarrak eta Satorrak konpartsak dauzkagu. Azken horiek, kolore hori tradizionalaz, nahiko muntaia latza egin dute. Zorrotza auzoko Txinbotarrak konpartsak Angry Birds joko ezagunaren paralelismoa egin du txosnan. Helburua, noski, udaletxea eta bere eredu kulturala zapuztea. Altxa Porrue-k, bere aldetik, Kukutzaren utzaraztea izan du hizpide, eta zenbait animaliaren dunbotsa irudikatu dute, Errekaldeko gaztetxe ohitik ihes egiten. Iñigo Cabacasentzat ere badago tartea, Ares eta Azkunaren jarrerak kritikatuz.

Moskotarrak konpartsak, ohi duen bezala, Athleticen inguruko gaiak umorez jorratu ditu aurten ere. Bielsa eta Urrutia, Lezamako obren auziekin, protagonista, nola ez; baina Sara Carbonerok, Rajoyk, Merkelek eta Juan Carlos IIak ere tokia daukate.

Che Guevara, Nafarroako askatzaile?

Arriagara gerturatuz, Irrintzi konpartsa daukagu, Athleticeko kirol-lagunarteena. Bielsa Jesukristo gisa karikaturizatu dute, Muniain, Iturraspe, Iraola eta konpainia bere apostoluak direlarik.

Hortik gertu, Askapeña eta Pa...ya dauzkagu, karpapean babestuta. Otxarkoagakoek Bilboko espekulazioa salatu nahi izan dute, Bizkaiko hiriburua Bilbopoli berrizendatuz. Konpartsa internazionalistak, bestalde, historiako zenbait figura iraultzaile omendu nahi izan ditu. Aipatutako Che Guevarak, Pancho Villa mexikarrak edo Markos subkomandanteak txosnaren atzealdea sendo gordetzen dute. Iraultzaile ororentzat, ikusi beharreko gunea.

Arriagaren atzealdera helduta, betiko hiru konpartsak dauzkagu zain. Eskuinean, Kobetamendi auzoko konpartsa, kritika sozial gogorra eginez. «Ese País de pandereta y chorizos» esaldia txosnaren buruan, eta txerriak enpresariz mozorrotuta. Azalpenik behar?

Kaixo konpartsa ezkerrean agertzen zaigu. Komikietako eta marrazki bizidunetako zenbait pertsonaia erabili ditu egungo errealitate gordina erakusteko. Eta noski, aurrera eginda, eta bi urte beranduago, harresi gabeko gaztelu erraldoia, Kaskagorri, gazte mugimenduaren gotorlekua. Nafarroako konkistaren 500. urteurrenean, omenaldia egin nahi izan diote gure aberriaren haziari.

Areatzara bueltatuz, Komantxe konpartsak Zea Mays taldeak Kukutza gaztetxeari egindako abestiaren zenbait esaldi aukeratu ditu txosna apaintzeko. Aixeberrik itsasontzi pirata erraldoia eraiki du, «kaleak abordatzeko» nahiarekin. Bizizaleak-eko ekologistek zabor tonak marraztu dituzte txosnan, «Krisia, ze krisi?» izenpean.

Baina duda barik, umorea eta originaltasuna hobekien bildu dutenak Sin Kuarteleko konpartsakoak izan dira. Txosna antimilitaristaren atzealdean beste konpartsa guztien izenak agertzen dira, baina musika taldeen izenekin batuta: Aixeberri Txarrak, Ska-Peña, Kaskaoskorri, Ruper Satorrika, Rafaela Pa...Ya, Txomin Bayo edo Moskotorhead. Barreak egiteko toki bikaina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo