GARA > Idatzia > Kultura

Udate

«Kroaziarako hegazkinean sartu ginenean, ez nuen sinetsi ere egiten»

p040_f02.jpg

Aitziber Garmendia

Aktorea

Gazte-gaztetan igo zen Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) antzokiko taularen gainean «Hitz egin» obra antzezteko. Taulatik taulara eman du bizitza ordutik, zinema eta telebista tartekatzen. Hala, «Sukalde kontuak» filma, edota «Martin» telesailean ibili da, besteak beste. Aurkezle pinpirina ere izan da «Sorginen laratza», «Finlandia» eta «Ipupomamua» saioetan.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Zuzendari-laguntzaile lana hartu du Aitziber Garmendiak estreinatu berri den «Bejondaigula» antzezlanean (Tanttaka). Elkarrizketa honi erantzuteko unean, Garmendia Madrilen zegoen, beroa pasatzen, irailean aurkeztuko den «Wilt» obraren gaztelaniazko bertsioa entseatzen.

Finlandian izan zara. «Finlandia»-ko platoan behintzat, baina bestela ere bidaiatu duzu segur aski... zein da munduan gehien maite duzun tokia?

Finlandian, herrialdean bertan ez naiz inoiz izan, baina gustura ezagutuko nuke! Bidaiatzea oso gogoko dut, munduko txoko guztiak ezagutzeko irrikitan nago beti. Orain arte ikusitako tokietatik maiteena aukeratzekotan, denen nahasketa bat egingo nuke: Habanaren magia, Kroaziako hondartzak, Erromako Panteoiko plazatxoa, Parisko Marais auzoa, Lanzaroteko La Graciosa irlatxoa, Siziliako antzoki greziar-erromatarrak eta Salamancako txorixoa!

«Kafka eta panpina bidaiaria» antzezlanean zure pertsonaiaren jostailua bidaia luze batera doa. Bera bezala edozein tokitara joan ahal izango bazenu, zein toki aukeratuko zenuke?

Hara! Nire erantzunak zure galderarekiko zuzeneko harremana du; Kafka idazleak bere azken urteak igaro zituen hiri eder horretara joango nintzateke: Berlinera. Aspaldidanik nago Berlin ezagutzeko gogoarekin, eta antzezlanean kontatzen diren pasarteak Berlineko Steglitz parkean gertatutakoak direla jakiteak, hura ezagutzeko gogoa piztu dit.

Zer eramango zenuke Berlinera derrigorrez bertan eskaintzen denaz gozatzeko?

«Kafka eta panpina bidaiaria» nobelaren euskarazko bertsioa eramango nuke, liburuxka hori Steglitz parkeko bankuren batean uzteko, eta istorio zoragarri horri bidaiatzeko aukera emateko.

Eta alderantziz, oporretan, zein leku nahiagoko zenuke ez zapaldu?

Beti esan izan dut uda garaian bero handia egiten duen hirietan ez nukeela egon nahi; baina hementxe nago, Madrilen abuztua eta iraila igarotzeko prest (lanagatik bada ere). Izerditan, masail-gorri, baina pozik.

Kontatu bidaiaren batean gertatutako pasadizoren bat...

Kroaziarako hegazkina Bartzelonan hartu behar genuen, baina fakturatzerakoan izandako arazo batzuengatik galdu egin genuen. Eromen horren erdian agentziak Valentziatik atera behar zuen beste hegaldi bat aurkitu zigun, baina berehala egon behar genuen bertan. Auto bat alokatu behar izan genuen aireportuan, eta Valentziara abiatu. Ontziratzeko ateak 13.15ean itxi behar zituzten eta gu 13.12ean iritsi ginen, eta barrura! Hegazkinean sartu ginenean ez nuen sinetsi ere egiten lortu genuenik!

Uda honetan ba al duzu bidaiarik bistan?

Sizilian izan naiz ekainean eta zoragarria izan da. Abuztua eta iraila Madrilen pasako ditut lanean, beraz momentuz nire opor bidaiak asteburuetan izango dira, Euskal Herrira, nola ez!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo