GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Txirri, Mirri eta Txiribitonek agur esan diote taula gaineko 40 urteko ibilbideari

p040_f03_097x080.jpg

GARA | BILBO

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek agur esan zioten atzo taula gaineko 40 urteko ibilbideari. Horretarako, luxuzko laguntza izan zuten Bilboko Euskalduna jauregian, Aste Nagusiaren barruan emandako kontzertuan. Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak taldearen kantarik ospetsuenak - «Txirri, Mirri eta Txiribiton», «Pintto, Pintto», «Zapi zuria», «Behin edo behin» eta «Paristik natorren», besteak beste- jo zituen.

Euskalduna jauregia jendez gainezka zegoen, haur eta gurasoz beterik, eta ederki gozatu zuten denek batera lau hamarkadetan eurekin denboran aurrera egindako abestiekin.

Orkestra Sinfonikoarekin eta pailazoekin batera, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior, Bilboko Koral Elkarteko kontserbatorioko abesbatza eta Araoz Txiki eta Easo Txiki abesbatzak izan ziren Juan Jose Ocon gidari zutela.

Xabier Otaegik, Txema Vitoriak eta Jose Ignazio Ansorenak (sudur gorrien azpian dauden gizonek) gogor entseatu zuten «40 urteko algara» izena zeraman emanaldia.

Jada publikoari agur esateko ordua iritsi bazaie ere, azkenengo unera arte ibili dira lanean kontzertu horretan ere familiartean barreak eragiteko. Pailazo taldea haurrei euskarazko umorezko saioak eskaintzeko sortu zen 1972an, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin. Jakintsuak, bihurriak eta tripontziak urteetan ereindako fruituak jaso zituzten atzo txalo bihurtuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo