GARA > Idatzia > Euskal Herria

Instituzioa sortzeko aukera historikoa dagoela ohartarazi dute Biarritzen

Frederique Espagnac eta Colette Capdevielle senatari eta diputatu sozialistek, instituzioa lortzeko, Ipar Euskal Herriak Parisen aurrean aho bakar batez hitz egin beharko lukeela azpimarratu zuten. Hala, irailaren 13ko izanen den eztabaidan parte hartzeko deia zabaldu zuten.

p012_f01_111x111.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Estatu frantseseko hamar alderdi abertzale batzen dituen Region et Peuples Solidaires federakuntzak Biarritzen antolatu dituen udako unibertsitate eskolek instituzioa izan zuten hizpide atzo. Datorren irailaren 13an Angelun eginen den gaiari buruzko lekuko eztabaidagunearekin ireki eta urriaren 4 eta 5an Parisen jarraituko dioten deszentralizazioari buruzko gogoetaldiekin, atzoko eztabaidak sartze politikoan pil-pilean izanen den gaian barnatzeko aukera eman zuen.

Frederique Espagnac senatari sozialista, Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialista, Christine Bessonart Biltzarraren burua eta Jakes Abeberry Biarritzeko zinegotzi abertzalea izan zituen hizlari, eta, guztiek bat egin zuten instituzioaren gaia aurrera eramateko egungoa «garai historikoa» dela ohartarazteko.

Gobernua «etapa berri baterantz joateko» prest zegoela nabarmendu zuten horrekin Alderdi Sozialistako ordezkariek, eta bai irailaren 13ko bai urriaren 4 eta 5eko hitzorduetara Ipar Euskal Herria mezu bateratu batekin joatea beharrezkoa dela esan zuten.

«Irailaren 13an konpromiso testu bat kaleratu beharko dugu gure lurralde proiektua aurrera eramateko lege bat bozkatua izan dadin. Aukera bat dugu, gurea egin dezagun», gogorarazi zuen Colette Capdeviellek. Horrenbestez, datozen asteetan, Frantziak «Euskal Herriarekin hitzordu historiko» bat daukala gehitu zuen Espagnacek.

Esperimentazioa

Gaur egun bizi den prozesuan «arriskuak» ere badirela nabarmendu zen atzo. Deus ez lortzeko arriskuarekin, Abeberryk egungo Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren barnean legokeen lurralde elkargo bat sortzea aipagai dela salatu zuen. «Aukera horrek instituzio proiektua hilzorira eramanen luke». Frederique Espagnacek instituzio bat sortzeko beharra goraipatu zuen. Bere ustez, denborak aurrera egin ahala, arau, lurralde elkargo horrek, beste instituzioak «hustuko» lituzke. Parisek «esperimentazioak» egiteko xedea zuela gogorarazi zuen horrekin. «Ez da gauza ona legea hain azkar egitea, aukera gutxi ematen baitigu Parisen gure hitza entzunarazteko. Baina borondate bat dago. Esperimentatzen duen herri bat geratzeko arriskua dago, baina, ondorio lazgarriak lituzke deusera helduko ez bagina», esan zuen.

Ekonomikoa

Deszentralizazio erreforma behar ekonomikoak bultzatu duela esan zuen atzo François Alfonsi eurodiputatuak. «Ekonomia dinamizatuko dela uste da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo