GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiru egun eman dizkiete gazteei San Mixel eskolatik joateko

A.B. | BAIONA

Donaixtiko San Mixel eskola zaharra okupatua duten gazteei hiru egun eman zizkien atzo Baionako auzitegiak lekua husteko. Herriko Etxearen sostenguz seroren elkarteak aurkeztu pleinua onartu ondoren joan den abuztuaren 10ean izan zen gazteen aurkako epaiketa Baionan.

Atzo kaleratu zen ebazpena, eta egoitza uzteko 72 ordu zituztela eta emandako epea kontuan hartuko ez balute Poliziak indarrez kanporatuko lituzkeela jakinarazi zieten. Erabakiaren berri izan bezain laster, hiru urtez hutsik egon den San Mixel eskola horretan jarraitzeko asmoa adierazi zuten Bethi Aitzina elkarteko kideek.

«Ez dugu guk etxe hori hiltzera berriz kondenatuko eta biziarazten jarraituko dugu, mehatxu eta kolpeen gainetik pasatuz», adierazi zuten atzo kaleratu ageri batean. Epailearen erabakiari aurre eginen ziotela adierazteaz gain, «erresistentzia» egiteko herritar oro beraiekin tarte bat pasatzera joatera deitu zuten. «Ordu batez ala bi egunez libre diren guztiak jitea gurekin erresistitzera; ez ditzagun ametsen suntsitzaileak utzi pasatzen», gaineratu zuten.

Sostengu agerraldia

Auzitegiaren erabakiak ez zuela «oinarririk» eta ez zela zuzena esan zuten. «Seroren, Donaixtiko auzapezaren eta politikari frustratu batzuen jarrera ezkorra eta koldarra azpimarratu nahi dugu. Izan ditugun elkarrizketetan, gure proiektuarekiko interes bat adierazi digute eta negoziatzeko prest agertu dira, bat-batean, serorek uxer bat igorri digute, eta auzapezak delibero bat zabaldu du», salatu zuten berriz.

Beraien «ametsa biziaraziz» aurrera jarraituko dutela nabarmenduz jarraitu zuten, eta gaur bertan proiektuari sostengua eman dioten ordezkariekin prentsaurreko bat eginen dutela jakinarazi zuten. «Gure okupazio desmartxa ez bada legala, errotik legitimoa da», egin zuten zehaztapena Bethi Aitzinako ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo