GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Kontseilua: «Euskaraz bizitzeko nahia beste behin zapuztu nahi du Nafarroako Gobernuak»

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezka handiz hartu du Nafarroako Gobernuak Lurreko Telebista Digitaleko (LTD) baimen berriak esleitzeko argitaratu berri duen deialdia.

p042_f01_98x85.jpg

GARA | DONOSTIA

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok oinarriei buruzko iritzia agertu zuen atzo: «Euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzen ari den honetan, azpimarratu nahiko nuke oinarriek ez diotela nahi horri erantzuten. Beste behin, euskaraz bizitzeko aukerak zabal ditzaketenean, euskaldunak baztertzen dituzte, ez dute espazioak euskalduntzeko urrats eraginkorrik ematen».

Bilbaoren arabera, Nafarroako Gobernuak argitaratutako deialdian euskararen inguruan ezarritako oinarriak Gobernu horrek euskararen aurka daraman hizkuntza politikaren isla dira: «Ez du euskara hutsezko lizentziarik gorde, eta programazioan euskara erabiltzeagatik esleituko duen puntuazioa hutsaren hurrengoa da», azaldu zuen.

Bidegabekeria

Horrekin batera, gogoratu zuen Nafarroan hizkuntza eremuen bidez ezarrita dagoen bidegabekeriari eusten diola Gobernuak; izan ere, telebistarako demarkazio-eremuak zehaztean ez zen berariazko eremurik mugatu legeak ezarritako eremu euskaldunean, eta ondorioz, Vascuencearen legeak ezarri zuen diskriminazioa baliatzen du beste behin.

Deialdi hau Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideen aurka daraman politikaren jarraipena dela uste du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Euskarazko hedabide ez-publikoak diru laguntzarik gabe utzi ditu, EAEko euskarazko telebista publikoa ikusteko aukerak itxi ditu. Euskararen desagertze soziala helburu duen hizkuntza politikan kokatu behar ditugu Nafarroako Gobernuak argitara eman dituen oinarriak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo