Udate
Elgoibarreko kuadrillak buru-belarri lanean, jai parte-hartzaileak lortze aldera
Parte-hartzea handituz doa Elgoibarreko Jai Batzordeak sanbartolemetan antolatzen duen Gazteen Egunean -datorren ostiralean-. Herri bazkariak 500 lagun inguru bilduko ditu, eta arratsaldeko baltsen jaitsierak ere markak hautsiko ditu. Ehunka gazte inplikatzen dira urte osoan zehar egitarauaren plangintzan. Halakoa da hartu duten konpromisoa, non txosnetako lan txandak erraz bete dituzten euren burua eskaini duten gazteei esker.
GARA | ELGOIBAR
Txupina jaurtita, festa martxan, beraz. Gaur eta larunbata bitartean -azken gau hori erantsi baitu Jai Batzordeak DJ Bullen musika saioarekin-, bakoitzaren eskuetan egongo da ondo pasatzeko Elgoibarren zer egin.
Asteburuko ekitaldietako batzuez atzo mintzatu ostean, etortzear den egun esanguratsuenetako bat aipatzea ezinbestekoa da, hain zuzen, datorren ostiralean, hilaren 31n, ospatuko den Gazte eguna.
Urtez urte parte-hartzaile gehiago ditu dagoeneko jendetsuena den egunak. Gorakada hori batez ere azken hiru urteetan izan da nabaria. Datuek hala erakusten dute. Jai Batzordekoek GARAri adierazitakoaren arabera, hastapenetan herri bazkarira 100 lagun inguru bertaratzen ziren, iaz 400 inguru izan ziren, eta aurten 500era helduko direla uste dute. Arrazoia parte-hartzea sustatzea izan da: herriko edozein kuadrillak ateak irekiak ditu urtean zehar prestatzen diren festetan hitza emateko. Eta asko eta asko dira erabat inplikatu direnak.
Parte-hartzearen gorakada ez da bazkariaren mahai inguruan edota prestaketa lanetan bakarrik gertatu, egunean zehar egiten diren beste ekintzetan ere begi bistakoa izan baita gorakada. Hala gertatzen da, esaterako, baltsen jaitsierarekin.
Kuadrilla bakoitzak errekaren jaitsiera egiteko baltsa bat eraiki behar du -kutsagarriak ez diren materialekin- helmugara hondoratu gabe ailegatzeko. Hainbat ezaugarri baloratzen dituzte, tartean, diseinua, irabazlea nor den erabakitzeko garaian.
Ohi bezala epaimahaiak ematen duen sariari beste bat erantsi zaio, ikusleek ematen dutena. Horrela, uretan zipriztindu nahi ez duenak, baina modu batera edo bestera parte hartu nahi duenak, egiteko aukera borobila dauka.
Badira berritasun gehiago. «Zuek bai artista» lagun talde bakoitzak ikusleak entretenitu beharko ditu, dela txisteak kontatzen, kantuan edo dantzan. Edozein proposamen zoro onartzen da. Lasterketa!-n berriz, eta betiere kuadrillaka, parte-hartzaile bakoitzari bi hankak lotuko zaizkio, eta aldi berean, lagunak bata besteari lotuak izango dira. Plazatik txosnetara hala korrika egitea zaila dirudi, ia ezinezkoa, eta are gehiago 02.00etan, baina horixe da, hain zuzen, helburua.