Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio
Demokraziaren izenean
Ezin da esan egungo politika eredua enpatian edota elkar ulertzean oinarrituta dagoenik. Politikariek herritarrak sistemaren onurarako direla uste dute oraindik, alderantziz izan beharrean. Estatuak, berriz, herritarrak ezgaitzat jotzen ditu, eta ondoren arazo gisa tratatzen ditu. Ekonomia alorrean estatuek zein komunitate erkidegoek enpresa pribatuen antzera jardun dute, beren ideia nagusiak salerosketan oinarrituta dauzkatelarik. Horrela bada, gizartea irabazien lorpen horiek soilik aurrera eramango duten ustea demokraziari, kulturari, ongizateari eta partaidetzari gailentzen zaie. Bestalde, gizarte eta ingurumenaren aldeko ideiak oztopatzen jarraitzen da oraindik ere, zentzuzko joko araudiak falta direlako. Izan ere, egungo gizartean ekonomia bilakatu baita erlijio nagusi. Merkatuak boterea eskuratu duela adierazten dutenak erratuta daude, botere hori herritarrek eman baitiote.
Beraz, hau guztia hain da absurdoa non herritarrek 30 urteren buruan harrituta begiratuko dioten momentuko gizarte ereduari, eta jarraian, beren buruei hau guztia posible nola izan den alferrik galdetuko dioten. Polo subiranista osatzen duten alderdien arteko maitale jolasek Eusko Alderdi Jeltzaleari eragindako jeloskortasunak Stalin bera ere berpiztera eraman izan du noizbait. Baina behingoagatik, kapitalismoaren alde edota euskal herritarren burujabetzaren aurka alderdi espainiarzaleek diseinatutako borroka zelaian non kokatu behar duen erabakitzeko ordua heldu zaiola ulertu beharra du.