GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Aupa Aitatxo!

Markel gure laguna zeharo endredatuta zegoen gaurko irteera gunean. Arratsaldean Rapitaneko gainean bukatu da etapa, eta jadanik erdi rapitandar eginda dago Oñatiko mutila. Bertan etxea dauka, eta familia bertan zain izanda, ihesean iristea zuen helburu!

Bezperan lagunak azken kilometroak beraren izenez margotzen ari ziren bitartean, seme biak ere klarionarekin aitaren izena txukun idazten ordu txikietaraino luzatu ziren: «Aupa Aitatxo!». Ahaleginak egin ditu, baina ezin izan du ihesaldia hartu, hala ere taldekako saria dela-eta, «Rapitango jauntxoa» (Markel) podiumera igo da bere bigarren etxean.

Gure aitatxo berria (Gorka Verdugo) ere oso ondo dabil eta atzo [asteazkenean] jaiotako Aimarrek ea indarrak ematen dizkion lasterketa polit bat burutzeko!

Niri dagokidanez, ez dut egun ona izan gaurkoan [atzo], ez naiz ongi aurkitu eta sufritzea tokatu zait! Atzoko zutabean zioen Markelek ikasketarik ez edukitzeagatik tokatzen zaigula sufritzea; ez dakit ba... Nik unibertsitatea bizikletarekin uztartu nuen, baina txakurtxo bat bezala sufritzea tokatu zait!

Halere, Vuelta luzea geratzen zaigu oraindik eta «Aupa aitatxo» pintada horiek «osaba txurru»-ri ere indarra eman diote! Itzuli handien aurretik egonaldi asko egin ditugu elkarrekin inguru honetan eta Markelen txikiekin bertoko igerilekuan txapuzoien bat edo beste hartu ere bai.

Beraz, besarkada bana haiei ere, eta bihar arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo