Udate | Bilboko aste nagusia
Aste Nagusiko gauak, zoologiko propio eta konpartseroa
Gazte izateari utzi eta onartzen ez duten beteranoak, txosna bakarreko sedentarioak, «dale mamacita con mi takatá», eguzkitako betaurreko patetikoak, eta eguzkia agertzen denean... Bilbiko profesionalak. Aste nagusiaren gaueko fauna errepikaezina da.
Mikel PASTOR | BILBO
Nosferatumak balira bezala, eguzkia jartzen denean ezohiko arraza batek harten ditu Areatzako bazterrak. Kapa beltzaren ordez, zapiak daramatzate buruan eta konpartsen kamisetak soinean, eta nahiz eta horzka ez egin (bat baino gehiago, goizaldeko ordu txikietan saiatu arren, arrakasta gutxirekin) Transilvaniakoekin bat datoz eguzkiari dioten higuinean. Honi aurre egiteko, Bilbo Zaharreko taberna ilunetan gotortzen dira gehienak. Eguzkitik, edo «dale mamacita con mi takatá», dioen abestitik babesteko, aurten belarrietatik odola bota arte txosnetan milaka aldiz jarritako udako kanta.
Gaueko hamar eta erdiak aldera Areatzako zubitik paseatzen dabilen batek nekez imajinatuko luke bere aurrean, ordu gutxi barru, agertuko den ikuskizuna. Familiak, semeekin, lasai, su artifizialak ikusten, donostiar zintzoak bezalaxe.
Itxura baino ez da. Lasaitasun horren azpian, parranda potentea egosten da. Gaztetxoenak, litrona guztiekin, Areatzako inguruak hartzen dituzte goizerik goiz, gero txosnetara ederki joateko. Diru falta argudiatzen dute gehienek. Kontraesana bada ere, hamabost euro inguruko zenbait botila erosten dituzte sasoian jartzeko.
Litrokadarik ez egitea erabakitzen dutenek posizioak hartzen dituzte gau osoan zehar gotorleku izango duten tokian. Gazteenak, Arriagako atzealdean, Kaskagorri ardatz, baita Askapeña eta Pa...Ya konpartsetan ere. Nagusiek, euren partez, Txori Barrote, Hau Pittu Hau! edota Altxa Porrue aukeratzen dituzte. Batzuen kasuan, gau osorako izango da aparkamendua. Txosnetako Julen Guerreroak, One Club Man. Koloreei fideltasuna. Bilbo inguruan jokatzen duten zenbaitek ikas dezatela.
Tenperatura gora
Aurtengo Aste Nagusiko gau itogarriak are gehiago berotzen dira konpartsek antolatzen dituzten kontzertuekin. Talde ezagu- nak, erromeriak, aintzatetsitako taldeak... eskaintza anitza da, gustuen arabera. Hori bai, erantzuna bikaina gehienetan. Euskalgunea txiki geratu zen Mungiako Itziarren Semeak taldea- ren txandan, eta Pablo Hasel eta Los Chikos del Maiz rap taldeak Kulturgunea leporaino bete zuten. Bestelako giroa nahi dutenentzat, Pinpilinpauxa, gauero egiten duten mutil eta nesken striptease eta dantzekin.
Tartean, kolore guztietako pertsonaiak. Badaude Bilboko abesti tradizionalak a capela abesten dituzten taldeak. Beste batzuk, zelatan ibiltzen dira, neska-mutilei so eginez, ehiza noiz hasiko itxaroten. Dantza arraroak asmatzen dituztenak ere aurki ditzakegu, zein baino zein originalago.
Normalago aritzen direnentzat ere ez dago aspertzeko astirik, hamar segundoan behin saltzaileren bat agertzen delako. Aurtengo produktu nagusiak, neska edo mutil kuttunari oparitzeko arrosak, txanoak, eta guztien gainetik, eguzkitako betaurreko barregarriak. Bereziki lazgarriak dira argiak dauzkatenak. Mozkorra biderkatzeko erremedio bikaina.
Lotsak kanpora
Alkoholaren lurruna gure konpartsakide eta bisitari maiteen buruetara ailegatzen denean, panorama aldatu egiten da erabat. Kuadrilla klasikoak apurtu, eta Frantziako Tourreko mendietako etapa onenetan bezalaxe, grupetoak antolatzen dira gustu musikalen arabera, edota haragi-ehizan ibiltzeko.
Abesti komertzialenak gustuko dituztenak Moskotarrak txosnetan ibiltzen dira, reggaetoia jo eta su dantzatuz. Punka eta rocka maite dutenak, bere aldetik, Kaskagorrira jotzen dute. Txori Barrote, Abante eta Eguzkizaleak erritmo dantzagarrien aldeko apustua egin dute aurten, eta erakartzen duten jendetza ikusita, ondo baino hobeto atera zaie.
Halere, badago aparteko kapitulua merezi duen abestia. Konpartsa, gune eta ordu guztien gainetik, dale mamacita con mi takatá da aurtengo hit nagusia. Belarrietatik odola bota arte errepikatua, eta beti lehendabizikoan bezala dantzatua. Esperientzia surrealista da Kaskagorriko konpartsero taldea «per- reatzen» ikustea.
Dantza egin baino, elkarrizketa on bat lehenesten dutenak ere badaude. Laguntasunari buruzko tesi doktoralak, euskal gatazka behingoz amaitzeko errezeta bikainak edota krisiak behar dituen irtenbideak dira hizpide nagusiak.
Tartean, zenbait aurpegi ezagun. Asier del Hornok, aspaldiko tradizio onak ez galtzeko, Bilboko gaua dastatu zuen berriz. Beñat Etxeberriak, Betiseko jokalariak, Pinpilinpauxan ospatu zuen Athleticen kontrako garaipena. Nega, aipatutako Los Chikos del Maiz taldeko abeslaria, Katu Arkonada kazetariarekin iraultzari buruz gustura mintzatu zen. Oraindik erabakitzeke daukate estrategia, baina usain ona dauka. Ohiana Bartra bertsolariak GARAri egindako elkarrizketa larrutik ordaindu behar izan zuen, Kaskagorriko nostalgiaren harira konpartsako kideak gustura bota dizkiotelako txantxak.
Zazpiak aldera, txosnak ixten dituztenean, kristau onak bezalaxe, prozesio naturala antolatzen da Erriberatik, Areatzatik Bilbo Zaharrera. Parrandatik bizirik irten diren ehunka ausart, oraindik ere barnean sua daukatenak, pauso geldo baina seguruaz abiatzen dira Bilbira.
Sortzen den giroa nekez azal daiteke hitzen bidez. Bizi egin behar da. Eguzkiaren irteera, azken orduko ehiza saiakerak, maiteminduta bezain mozkor dauden bikoteak sutsuki muxukatzen, inolako arrazoirik gabeko oihuak... uztartzen ditu Bilboko auzo zahar honek. Posta- lerako.
Lehoiak, hontzak, olagarroak, tximinoak... animaliak nahi beste dauzkagu botxoan. Kontatutakoa egia den frogatu nahi baduzue etorri eta goza ezazue aste honetan Euskal Herriko Cavarcenoaz!
Nagusitu egin da aurten gazte guztien artean. Aukera merkea, arin eta askotan, gehiegi mozkortzeko. Konpartsek onartzen dute hori, bai, baina nolabait ulertezina ere egiten zaie, gazteek erosten dituzten edari botilak ere oso garestiak direlako.
Mota guztietako giroak sortzen dira Areatzako txosnetan, bai musikaren aldetik, bai adinari begiratuta. Astea aurrera doan heinean, bakoitza bere tokia edo zirkuitua aurkitzen joaten da, askotan, kuadrillako egitura klasikoa apurtuz.
Inoiz baino gehiago ikusten dira aurtengo Aste Nagusian. Arrosak, eguzkitarako betaurreko barregarriak edo txanoak, produktu salduenak. Artikuluen prezio merkeak salmentak ugaritzen ditu, kolore bitxia emanez txosnen giroari.
Aurtengo hit musikala. Kaskagorritik Txomin Barullora, Komantxetik Altxa Porrura, edozein ordutan entzun dezakegu, burua apurtu arte. Errepikakorra? Bai zera! Dantzatuena!
Areatzako txosnak ixten direnean, Bilbo Zaharrerako bidea hartzen dute parrandan segitu nahi duten ausart guztiek. Bertan, «mañaneoaren» topiko gehienak betetzen dira. Benetako ikuskizuna.