GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Txapeldunen Liga

Nazabalek tinko jarraitzen du finalerako bidean

Etxarrikoak erraz menderatu zuen Aitzol Atutxa, eta orain arte jokatutako saio guztiak bereganatu ditu.

p036_f01_148x92.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek irabazi zuen herenegun, Bilbon, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa. Etxarrikoa sailkapeneko lehen postuan dago Otañorekin batera, orain arte jokatutako saio guztiak irabazita.

Amaierako tartea baino askoz ere handiagoa egon zen bien artean. Florenek aldeak oso azkar atera zituen, lehen hiru probetan tarte handia zabaldu baitzuen nafarrak. Ondorengo bi probetan, berriz, berdinduta geratu ziren, eta iraupen proban, berriz, Aitzol Atutxak irabazi egin zion. Azkenean, 21 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Nazabalek lan guztiak amaitzeko, eta 22 minutu eta 6 segundo, berriz, Atutxak.

Orain, Txapeldunen Ligak atsedena hartuko du, eta jarraipena irailaren 5ean izango du, egun horretan Ordizian izango baita jaialdia. Bertan, Unai Otaño eta Ugaitz Mugertza arituko dira nor baino nor.

Harriak

Harriek ere izango dute protagonismoa gaur. Elgoibarren San Bartolome sariketa jokatuko da, eta bertan bi harri trakets erabili beharko dituzte. Bata oso baldarra, gainera, 145 kilo pisatzen dituena, eta bestea erosoagoa, 127koa. Bakoitzarekin bosna minutuko txandak izango dituzte. Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Ugartemendia, Eizmendi, Urpe eta Telleria lehiatuko dira, 18.00etatik aurrera.

Faboritoak aipatzerakoan, Izeta II.a izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Aiarrari harri trakets hauek oso ongi joaten zaizkio, eta pasa den asteburuan Donostian ere erakutsi zuen Igeldo harri traketsarekin zer-nola moldatzen den.

Bilbon, gaur, 12.00etatik aurrera Areatzan jokatuko da harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako saioa. Bertan, gainera, lehiatzen ari diren talde guztiak arituko dira. Ligan zehar gutxitan izan da denak batera ikusteko aukera, eta gaur, Bilbon, aukera hori izango da.

Aldeak

Floren Nazabalek lehen hiru probetan erabaki zuen Bilboko norgehiagoka. Hortik aurrera saio osoa kontrolpean izan zuen, nahiz eta azkenekoa, iraupen proba, galdu egin zuen.

Aurkaria

Badirudi Unai Otaño izango dela nafarraren aurkari nagusia. Orain arte jokatu dituen saio guztiak irabazi egin ditu, eta biak daude sailkapeneko lehen postuan, eta biak dira irabazteko faboritoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo