GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | UR JOLAS URIBITARTEAN

Uraren egunean, konpartsen umorea eta lehia sanoa nagusi

Ohiturari jarraituta, Bilboko Konpartsek ur jolasak antolatu zituzten atzo Bilbon. Mozorrotuta eta umorez gainezka abiatu ziren Uribitartera parte hartu zuten hamahiru konpartsak. Horrela, traineru, piragua eta tirolina probei aurre egin zieten, eta ez zen falta izan lehiakortasun sano apur bat ere.

p053_f01_200x118.jpg

Jon ADAN

Urtero legez, uraren eguna izan zen atzo Bilbon; goizeko hamarrak aldera, pixkanaka-pixkanaka, Bilboko Konpartsak eta kuadrillak Bilboko ibaira heltzen hasi ziren, Uribitarte aldera, batzuk ajearekin eta beste batzuk deskantsatuta. Gehienak mozorrotuta, eta gutxi batzuk maskota eta guzti. Nolanahi ere, parte-hartzaile guztiak umorez gainezka agertu ziren, eta uretan disfrutatzeko prest. Piragua, traineru eta tirolina probak izan ziren nagusi atzokoan.

«Bizizaleak konpartsa ekologistakoak gara eta urtero etortzen gara. Ondo pasatzera gatoz, baina konpartsen artean lehiakortasun puntua izaten da beti», onartu zuen Iker Martinek. Aixeberri konpartsako Zuriñe Bañak, aldiz, bestelako iritzia zuen: «Hamabi kide etorri gara, parranda egitera eta uraz disfrutatzera; konpartsen arteko pikea gutxienekoa da».

Nerea Orizaola aurtengo txupinera eta Virginia Berasategi pregoilaria ere hurbildu ziren Uribitartera, eta azken horrek Jai Batzordeko kideekin batera traineru eta piraguak estreinatu zituen. «Urarekin disfrutatzera eta konpartsen arteko lehia baretzera nator», esan zuen barre artean Virginiak.

Horiek horrela, goizeko hamaikak aldera lagunartean gosaldu eta indarrak berreskuratu ondoren hasi ziren ur jolasak. Traineruen proban, konpartsa bakoitzeko lau kide trainerillara igo, eta Uribitartetik abiatuta, Zubizurira heldu baino lehen ziaboga eman behar izan zuten, Uribitartera itzultzeko. «Zaila da, trainerua asko mugitzen da eta arrauna mugitzea kosta egiten da», zioen barrezka Eric Perezek, Zaratas konpartsako kideak. Hobeto joan zitzaizkien gauzak Askapeñako kideei, «espero baino hobeto moldatu gara, inoiz ez baikara traineru batean igo», esan zuen Javier Ruizek.

Begiak itxita, zaila da

Piraguen proban, aldiz, bi piraguatan konpartsa bakoitzeko lau kide igo, eta hiruk begiak estalita zituztela, laugarrenak gida lanak egin behar izan zituen. Uribitartetik Bilboko udaletxerako norabidean ibaia zeharkatu eta bertako eskaileretara iritsi behar ziren. Hortik, taldeko batek Campo Volantin kalean tirolina hartu, eta ur gainetik kontrako bidea egin behar izan zuen Uribitartera. Uretara jausiz gero, orduan amaitzen zen proba. «Oso txarto joan zaigu, oso zaila baita begiak estalita behar bezalako koordinazioa izatea», zioen Bizizaleak konpartsako Iker Martinek.

Ondoren, tirolinaren ordua heldu zen. «Hasieran ikara ematen du, baina gero disfrutatu egiten duzu, errepikatzeko modukoa da», azaldu zuen Izaskun Gartzia Mamiki konpartsako kideak. Zarataseko Eric Perezi, ostera, gehiago kostatu zitzaion. «Oso zaila da, oso azkar jaisten zara. Begiak itxi ditut, eta ibaiaren erdian bota naiz uretara; azkenean, igeri egiten heldu naiz».

Parte-hartzaileen helburua uraz disfrutatzea eta ur jolasekin disfrutatzea izan bazen ere, lehiakortasun kutsua ere sumatzen zen giroan: «Argi dago ondo pasatzera etorri garela baina konpartsen artean beti egoten da pike sano hori», onartu zuen Zuriñe Baña Aixeberriko kideak. Izan ere, probak denbora gutxienean egiten zituztenek irabazi behar zuten sari preziatua, konpartsek hainbeste irrikatzen duten ur jolasen bandera. Esan behar da, mozorrotuta eta maskotarekin parte hartu zuten konpartsek oparitxoa izan zutela: proba bakoitzeko denbora emaitzari bost segundo kentzea.

Azkenean, eta hau gutxienekoa bada ere, Tintigorri konpartsari lekukoa hartuta, Zatorrak konpartsa gailendu zen, zenbaketa orokorrean lortutako 3,24 segundoko denborarekin. Hala ere, denek lortu zuten helburua, alegia goiz polita igarotzea eta uraz disfrutatzea.

Arratsaldean bestalde, ehun parte-hartzaile inguru bilduta, konpartsek Bilboko ibaiaren igoera egin zuten 17.00etan. Hartara, Sestaoko kaitik abiatuta udaletxerainoko bidea egin zuten piraguan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo