JOSU JIMENEZ MAIA | Idazlea
Copyright komandoa
Uda Nafarroa Garaian, eta bi guardia zibil sartu dira taberna batera, uniformez. Trago bana hartzen ari direla, guardia zibiletako batek erreparatu dio makina txanpon-jale batean itsatsitako pegatinari. Eranskailu arrunt bat da, edozein herritako jaietan ikusten den horietakoa, jadanik klasiko bihurtua: ikurrina, herriaren izenarekin batera.
Eranskailu hori dela eta, guardia zibil batek tabernako zerbitzariari salaketa jarri behar diola egin dio mehatxu, bandera hori «País Vasco»-koa delako, eta Nafarroan legezkoa ez omen delako. Jarraian, baina, argudioaren pisu eskasaz oharturik edo, guardia zibilak berak eman du «pisuzko» arrazoia: pegatina ez da legezkoa ez daukalako copyrightik. Eztabaida antzu baten ondoren, azkenik, guardia zibila azazkal batekin ibili da makina txanpon-jaletik paperezko pegatina txikia kentzen. Balentria eginda eta pegatina urratuta, joan egin dira, tabernaria aho bete sumin utzita.
Gaur egun, makina txanpon-jalean pegatina ikurrindun bakarra ez dago; bi daude. Gainera, biek dute, boligrafoz idatzita, copyright hitza eta © ikurra, eta horretaz galdetzen duen edozein bezerori artez kontatzen dio tabernariak pasadizoa, niri kontatu didan gisa berean.
Antza, Benemeritak talde berezi bat sortu du, nonbait, Copyright komandoa dei daitekeena, baregarri gelditzeko ez ezik, herriko jaietan zer kontaturik emateko ere, copyrightik gabeko ikurrina, arrano beltz eta koroarik gabeko nafar banderen peskizan aritzeko gertu, erridikuluaren mugaren mugan.