Julen MURGOITIO
Itxaropen bizia
Uda bere azkenetan omen dago, egunotan hodeiek hartu baitute dagokien lekua zeru zer goi horretan. Luzaro izan bedi. Are gehiago, lehertu dezatela behingoz hodeiok, lurrak gehiago behar duelako ura hareak beroa baino. Askoz ere gehiago, igelak seinale. Gainera, bada garaia hareak berak ere argia gozatzeko, oin azpikoen ilunean luze oinaze egon eta gero. Bai, euri-hodeiak dira iragarlerik onenak, epe motzean behinik behin, ETBko mapan momentuz bere osoan ageri ez arren. Total, apurka-apurka, batzuetan arinka ere, abuztua lekua egiten ari zaio irailari. Hortaz, itzulera operazioa nonahi; errepidetako ordainlekuetan ilarak, politikako bulegoetan bilerak. Batean zein bestean gidariak urduri, bide-sariz eta arrisku-sariz betetako sasi-bideak baitira. Ama, ama!, pentsatzea ere irailak zer ekarriko duen! Zer eta urria ekarriko! Hara! urriak hogeita bat duen horretan, igandea omen, amen!, orduan ikusiko bakoitzaren uztaren tamaina eta kalitatea, oparoa batzuena, urria besteena. Hau kolpea! Urria benetakoa izango da ereingirorik landu ez dutenentzat, baina uztaila beste batzuentzat. Azken finean, erein gabe ez dago uzta batzerik, are gutxiago bulegoetako soropil transgenikoan. Egunotan ulertzekoa da abuztua batzuentzat agorrila izatea, bere azken politikoetan dira eta.
Tira, urrira! Bestelako bide bat indartuko da igande horretan lurralde hauetako bide-orrian, fededun batzuek meza nagusiaren ondoren betiko biribilgunean itzulika segitzeko tentaldia izango badute ere. Baina ez, ez dago gaurko hemengo korapiloa ganoraz askatuko duen kristaurik, are gutxiago ama birjinik, horren aurrean hamaika aurresku dantzatu arren. Ezetz, demontre! Estatuak dira! Ez dute ikusten! Ama birjinez ari naiz orain, ez beheko Estatuaz, nahiz eta gauza bera esan dakiokeen horri ere. Aurreskua gabe soka-dantzako soka da behar duguna, energiaren parte bat aurreztuta ere sokatiran aritzeko. Eup! Zein izango Ajuria Enean hurrengo maizterra? Ni emakumearen alde bilduko naiz, zin dagit. Are gehiago, aste honetan irakurria, emakumeek bizi-itxaropen handiagoa dute, gizonek baino! Bada, izan, gainerako motiboa, hemen gauzatu behar diren aldaketen aldeko baldintzak sortzeko denbora behar baita, eta baldintzak handik eta hemendik sortuko dituztenak ere bai. Itxaropena hortixe dator. Eta bizitza.