Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Oilar borroka oiloaren mendatean
Col de la Gallina deituriko mendatean bukatzen zen gaurko [atzo] etapa eta bertako azken lau kilometroetako gogortasuna aztertuta, iragartzeko modukoa zen ikuskizuna izango genuela. Gainera, etapa hasieratik gerrarako gogo izugarria izan da tropeleko kideon artean eta ihesaldia iristeko aukera txikiren bat ere ikusten genuen; hala, saiatu beharra zegoen. Saiakerak bata bestearen ondoren etengabe egin baditugu ere, 75 kilometro egurrean pasa ondoren antolatu da ihesaldia. Tarte horretan, erasora hiruzpalau aldiz jarraian atera ondoren momentu txar bat pasa dut eta tropelari jarraitu ezinik ere ibili naiz kilometro batzuetan! Oilarkeriak egiten ibili naiz ihesaldia hartzeko, eta, neure gaitasuna baino gehiago estututa tropelari jarraitu ezinean geratu naizenean, txitatxo ahula sentitu naiz. Baina, zorionez, berriro bat egin dugu eta etapa bukaerarako buelta eman ahal izan diot gorputzari!
Azken igoeran, pixkanaka jendea geratzen hasi da eta selekzio nagusia egin denean lau taldekide geunden oraindik 30 txirrindulariko taldetxoan, gustura beraz... Hala ere, gure oilarra Igor da, eta, lasterketa benetan gogortu denean, beste hiru oilaskoak atzean geratu gara eta bera utzi dugu benetako oilarrekin borrokan. Mokokada gogorrak izan dira lasterketako onenen artean, eta, Contadorrek bere nagusitasuna erakutsiko zuela ematen zuen unean, atzetik azaldu dira beste biak eta azken ziztada eman diote! Etapa polita! Ikusteko batez ere, izan ere, gu geu, etaparen ondoren, kukurruku egiteko indar askorik gabe, mantso-mantso, gaude!