Otsagabiak antzinako ohiturak biziberritu ditu Orhipean jaian
Otsagabian duela mende bat erabiltzen zituzten arropak jantzi dituzte beste behin herritarrek antzinako ofizioak eta ohiturak biziberritzeko. Orhipean jaiak hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea du jada, eta gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu. Ostiralean hasi zen festa baina egun nagusia atzokoa izan zen.
Ostiral gauean, XX. mende hasierako pregoi bat irakurri ostean, «Nola zen, nola izanen da» ikuskizuna ikusi ahal izan zen. Bertan, Nafarroako Otsagabia eta Zuberoako Atharratze herrietako historia ezagutzeko aukera izan zuten bildutako guztiek.
Atzo goizean, berriz, Otsagabiako ia biztanle guztiak antzinako jantziak soinean irten ziren kalera. Horrenbestez, egun osoan zehar, latsariak errekan arropa harriarekin garbitzen izan ziren, iruleak kalean artilea josteko prestatzen, baserritarrak janaria suarekin berotzen, gaztagileak esneari bueltak ematen... Garai bateko mediku, dentista, argazkilari edo sokagileak ere bildu ziren Otsagabiako kaleetan.
Eguerdi partean, Bardeara artaldeak eramatera zihoazen artzainak ere iritsi ziren herrira. Ez hori bakarrik, ogi-mamiak ere prestatu zituzten guztien gozamenerako. Jaia herritarrek gauerdian plazan eskainitako antzinako dantza batekin amaitu zen.