GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Igeldoko jolas parkea bete dute haurrek ateak ireki zituen egunaren mendeurrena ospatzeko

Donostiarrentzako kutuna den Igeldoko parkeak ehun urte bete zituen atzo. Hain data esanguratsua ospatzeko, ekintza ugari izan dira aste osoan zehar. Atzo, zortearen gurpilarekin eta txokolatea jaten gozatu zuten haurrek.

p050_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Igeldoko jolas parkeak 100 urte bete zituen atzo. Txokolatea, zortearen gurpila, zinema, haurren algarak... aipatuz gero, atzo Donostiako jolas parke ezagunean izandako giro bikaina imajina dezakegu.

Xabi San Martin La Oreja de Van Gogh talde ezaguneko kideak, abesti bat eskaini zion dagoeneko donostiarrentzat ikono bihurtu den parke zaharrari. Tolosako Gorrotxategi txokolate dendako gozogileek ere beren omenaldi propioa egin nahi izan zioten jolas parkeari. Hala, haurren eta helduen harridura eragin zuen txokolatezko eskultura bikaina egin zuten, jolas parkeko gune ospetsuenak azpimarratuz. Bikain bereizten ziren bertan Suitzar Mendia, garai batean itsasargia izandako dorrea, mendi magalean dauden etxeak, derrigor agertu beharra zeukan Igeldoko funikular ezaguna... Eskultura Bretxan izan da ikusgai zenbait egunez, baina dagoeneko ezingo dugu berriz ere ikusi, atzo Igeldora gerturatutako bisitariek zatitu eta jan egin baitzuten.

Antzina jolas parkean izandako zinema zaharrak ere ateak ireki zituen atzokoan. Azken mendean egindako argazkiak proiektatu zituzten bertan, «Aitonaren argazkia» izeneko saio ederrean. Zinema zaharra erakusketa eta proiekzio gela bilakatuko da datozen asteetan. Zinema izan aurretik zoo bat ere egon zen bertan garai batean; gerora, hiru dimentsioko Donostiako lehen zinema bilakatu zen eta animalien dokumentalak eskaintzen zituen.

Zinemaren eraikin berdinean, beti saria ematen zuen zortearen gurpila ere jarri zuten atzokoan. Hala, funikularra hartuta Igeldora hurbildu ziren guztiek txartela erakutsi eta etxera opari bat zutela itzultzeko aukera izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo