GARA > Idatzia > Mundua

Hamar etorkinek beren burua zauritu dute Italiatik kanpora ez ditzaten

Joan den ostiralean Lampedusa Italiako uhartera iritsitako 77 afrikarretako 10ek beren burua zauritu dute berriz ere Afrikara bidal ez ditzaten. Etorkinak hartzeko uhartean dauden instalazioak lepo daude.

GARA | ERROMA

Beren burua zauritu beste erremediorik ez dute ikusi Europarako bidean joan den ostiralean Lampedusa Mediterraneo itsasoko uhartera iritsi ziren afrikarretako batzuek.

Iturri ofizialek Efe berri agentziari emandako datuen arabera, gorputza leku askotan zauritu dute etorkinek. Helburua oso garbia da: Italiako agintarien asmoa -etorkinak berriz ere Afrikara, beren herrialdeetara, eramatea- saihestea, horretarako beren bizitza arriskuan ipini behar badute ere.

Karabineroek jakinarazi dute beren burua zauritu duten etorkin guztien aurkako salaketa aurkeztu dutela. Horietako lau adin txikikoak dira.

Italian bertan, baina Apulia hegoaldeko probintzian, Tricase herrian, Salentoko itsasertzera azken egunotan iritsitako beste 34 pertsona atzeman dituzte, horietako bat adin txikikoa. Kasu honetan Europako bidea Asiako Afganistanen, Pakistanen eta Bangladeshen hasia zuten etorkinek. Apuliako agintarien arabera, etorkinak sasoiko daude eta Otranto herriko Tonino Bello harrera zentrora eraman dituzte.

Azken egunotan ehunka etorkin saiatu da Afrikako iparraldetik, Tunisiatik kasu askotan, Italiako hegoaldera iristen. Siziliara iritsi dira horietako asko. 400en bat lagun sartu zituzten orain egun batzuk 350 pertsonentzako lekua duen zentro batean. Ostegun gauean horietako 30ek ihes egitea lortu zuten, baina handik ordu batzuetara harrapatu egin zituzten berriz, Porto Empedocle herritik gertu. Giusi Nicolini Lampedusako alkateak esan du bere ustez ez dela kezkagarria etorkinak iristea, horiei ematen zaien tratua baizik.

aurten, 17.000

Italiako Barne Ministerioak eskainitako datuen arabera, azken urtean 17.000 etorkin inguru iritsi dira herrialdeko itsasertzetara. Horietako 2.000 laguni errefuxiatu egoera onartu diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo