GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa

Pellejero eta Resano izan dira sailkatzen azkenak

Aresokoa eta Sakanakoa izan ziren herenegun jokatu zen kanporaketako onenak, eta Bigarren Mailan aritzeko txartela lortzea dute orain helburu.

p032_f01_148x84.jpg

Jon LEUNDA

Asier Pellejerorentzat eta Iban Resanorentzat oso asteburu ona izan da. Larunbatean Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela eskuratu zuten, eta atzo, berriz, Nafarroako Bigarren Mailakoan aritzekoa.

Larunbatean jokatu zen Lakuntzan Euskal Herriko Hirugarren Mailako hirugarren eta azken kanporaketa. Guztira bederatzi aizkolari neurtu ziren, hiru txandatan banatuta. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen.

Lehenengoan, Pellejero izan zen onena, eta berea izan zen arratsaldeko markarik onena ere; hala, finalerako txartela eskuratu zuen. Bere atzetik Kintana eta Urteaga sailkatu ziren.

Bigarren txandan, Garitaonaindia, Eraso eta Oregi lehiatu ziren, eta hau izan zen txandarik eskasena. Garitaonaindia izan zen onena, baina berak egindako marka bosgarrena izan zen, eta finala jokatzetik kanpo geratu zen. Bere atzetik sailkatu ziren Eraso eta Oregi.

Hirugarren eta azken txandan, Iban Resano gailendu zen. Berea izan zen, gainera, saioko bigarren denborarik onena, eta finala jokatzeko txartela lortu zuen. Atzetik Vazquez sailkatu zen. Sakanakoak ere denbora ona egin zuen, hirugarren onena, baina ez zuen lortu finala jokatzeko txartela. Lehia oso polita izan zuten biek. Atzetik Goñi sailkatu zen. Beraz, Pellejero eta Resano sailkatu ziren azaroan jokatuko den finalerako, aurretik Raul Kastro, Kañamares III.a eta Arkaitz Jauregi sailkatuta zeuden bezalaxe.

Arabakoa eta Nafarroakoa

Kuartangon jokatu zen herenegun Arabako Bigarren Mailako finala, eta Ramiro Llanosek, irabazteaz gain, datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratu zuen. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Atzo jokatu zen Gorritin Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa, eta azaroaren 16an Donezteben jokatuko den finalerako Ruben Saralegi, Resano, Pellejero, Xabier Mindegia eta Kastro sailkatu ziren. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu zituen.

Arabakoa

Ramiro Llanosek lortu zuen Arabako Bigarren Mailako txapela, eta ondorioz datorren urtean Lehen Mailan aritu ahal izango du. Lehia handia izan zuen Eloy Kortxero gaztearekin.

Nafarroakoa

Ruben Saralegi izan zen atzo Gorritin jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketako onena. Resano, Pellejero, Mindegia eta Kastro ere finalean izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo